1.200 kamioi pasatzen dira egunero Lezotik
Lezoko Udalak, eskualdeko beste hiru udalekin elkarlanean, ibilgailu astunen emaria arintzeko proposamena helarazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Elias Salaberria hiribideko errepidea da Lezoko trafiko astun gehiena hartzen duen tartea.Ikerne Zarate Oarsoaldeko lau udalek trafiko astunak eskualdean sortzen dituen egiturazko arazoen diagnostiko teknikoa eta esku hartzeko proposamenak landu dituzte. Azterlanaren helburua ez da mugikortasuna edo jarduera ekonomikoa mugatzea, «ibilgailu astun edo kamioi horien kudeaketa era ordenatuagoan egitea baizik», bai trafikoaren emarian zein herritarren egunerokoan horren eragina murrizte aldera. Hartara, egindako azterlana Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu diote eskualdeko alkateek, arazoari konponbidea elkarlanean topatzeko; aldundia da errepideen arloan eskumena duen erakundea.
Gaia Lezora ekarrita, Mikel Arruti alkateak datua eman du: Lezoko herrigunetik 1.200 kamioi pasatzen dira egunero; eskualdeko emari osoa 9.000koa da, baina Lezon adinako eraginik ez du beste herrietako erdialdeetan. Lezoko ibilgailu astunen trafiko horren sorburua bi tokitik dator: portuaren jardueratik, eta Gaintxurizketako industrialdeetatik. Aldundiari bidalitako diagnostikoan Lezora begirako hiru proposamen daude jasota.
Lehena Lanbarrengo industrialdeak AP-8 errepidearekin lotura edukitzea litzateke; horrekin batera, eta bigarren neurri gisa, Gaintxurizketako poligonoek Lanbarrengoarekin lotura zuzena izatea planteatzen da, horrela errepide hartara joango lirateke kamioietako asko Lezoko herrigunetik pasa gabe. Lezori begira egin duten hirugarren proposamena herriak portura duen sarbidea berrantolatzea litzateke.
Oarsoaldeko lau alkateek azaldu dute trafiko astunaren arazoa «estrukturala» dela, eta mugikortasunari ez ezik, zuzenean eragiten diola bide segurtasunari, osasun publikoari, bizi kalitateari, ingurumenari eta lurraldearen lehiakortasun ekonomikoari. Proposamena lantzeko mahai tekniko-politikoa osa dezala eskatu diote aldundiari.
