"Oiartzunen ez da inongo erasorik onartuko"
Atzo, hilak 2, txupinazoaren aurretik Oiartzungo Feministen Asanbladak agerraldi jendetsua egin zuen Kontzejupean.
“Denok gustura eta lasai egotea denon ardura da”. Xanisteban Jaien atarian Oiartzungo Asanblada Feministak jaien hasierako agerraldia egin zuen atzo, hilak 2, Kontzejupean. Txupina jaurti baino lehen aurtengo jaietarako prestatutako protokoloaren berri emateko elkartu ziren ehun bat lagun. Asanblada feministak, Gazte Feministek eta Killikupeko Emakumeak mezu argia eta ozena adierazi zuten: “Oiartzunen ez dela inongo erasorik onartuko, ez eraso matxistarik, LGTBIQ+foborik zein arrazistarik onartuko”.
Festaz gozatzeko gonbita egin zieten herritar orori, bai oiartzuarrei, bai kanpotik egun hauetan herrira hurbilduko direnei: “Herri honetara elkarrekin aske gozatzera etorri nahi duen pertsona oro ongi etorria izango da”. Era berean, erasoen konplize ez izateko deia ere zabaldu zuten, eta indarkeria kasu bat ikustekotan hurbildu eta babesa emateko adierazi zuten. “Lagun ezazu espazio seguruak sortzen, laguntza eskatu eta saretu. Neska baten perreoak ez du ezer baimentzen. Mozkortuta banago, ez aprobetxatu nire egoeraz. Jaien aitzakiapean denak ez du balio”.
Killirikupeko emakumeek ere ozen salatu zuten: “Eroso ez bazaude, erasoa da! Eta gogoratu erasoak edozein momentutan gertatzen dira”. Erasoen aurkako protokoloa pausoz pauso azaldu zuten, beti ere, erasoa jasan duenaren denborak eta erabakiak errespetatuz. Horretarako, txosna feminista nahiz Fermiñenen egongo den Eraso Matxistak Artatzeko Arreta Gunea prest edukiko dituzte. “Egiten duguna ez da tentsioa areagotzeko edo borroka hauspotzeko, erasotua laguntzeko da”, argi diote.
Egitarau feminista
Gazte Feministek egunotarako prestatutako egitarau feministaren berri eman zuten atzoko agerraldian. Bihar, hilak 4, indarrak batzeko eta festarako eguna izango da. 14:00etan hasita, bazkari feminista beganoa egingo dute Zimitiyuan. Bazakalostean, berriz, bingo musikatua egingo dute, eta arratsaldea borobiltzeko eta gorputzak astintzeko Boloma zunba kuir ikuskizuna egingo dute, 19:00etan.
Zimitiyuan txosna feminista izango da egunero, eta babes eremu izatea helburu izango du eremu honek. “Herriko balkoiak eta kaleak banderolaz eta aldarrikapenez betetzeko deia egiten diegu oiartzuarrei”. Gainera, aurten ere, txosnan kalkomania feministak eskuragarri izango dituzte jaiak iraun bitartean.
Bukatzeko Doneztebe plazan bildutako herritarrek ozen oihukatu dute Oiartzungo jaiak feministak izan daitezen lanean jarraituko dutela. “Oiartzungo mugimendu feministan saretu eta zuen laguntza eta babesa eskaintzea eskatzen dizuegu”.
