Elorsoro Udal Kiroldegia 24ra arte itxita egongo da
Hilaren 10etik 23ra, biak barne, mantenu lanak egingo dituzte; bitartean, KirolTxartela Mugimentekin inguruko herrietako kiroldegiak erabilgarri izango dituzte.
Elorsoro Udal Kiroldegia astelehenetik, hilak 10, hilaren 23ra arte, biak barne, itxiko dute kiroldegiko instalazioen mantenu lanak egiteko. Udalak adierazi du itxialdia beharrezkoa dela instalazioak irailerako prest izateko. Urte osoan bezala, bi aste hauetan ere, Elorsoroko bazkideek KirolTxartela Mugimentekin inguruko herrietako kiroldegietara sarbidea edukiko dute. Kiroldegia itxita egongo den arren, udako igerilekua irekita egongo da, 11:00etatik 20:00etara.
Xorrola goizez bakarrik
Xorrola herri barruko udal autobus zerbitzuak ere aldaketak izango ditu abuztuan. Xanistebanak amaituta, Xorrola goizez erabilgarri izango da bakarrik hilabete honetan zehar. 07:10ean egingo du lehen itzulia; azkena, berriz, 15:10ean, Arraguatik aterata. Hilaren 15ean, jaieguna, ez da autobus zerbitzurik izango. Irailean ohiko ordutegiak berreskuratuko ditu Xorrolak. Taxibusak, aldiz, ohiko ordutegiak mantenduko ditu abuztuan, ez da ordutegi aldaketarik izango.
