Iztietako osasun zentroan Etengabeko Arreta Guneko mediku estaldura falta salatu dute
Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformarekin bat eginez, hamarnaka lagun bildu dira Iztietako anbulatorioko atarian bizi duten egoera salatzeko.
Urteak pasa arren, egoerak ez du hobera egiten. Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko (DOPA) plataformak, behin eta berriz, salatu du Donostialdeko Etengabeko Arreta Guneek (EAG) bizi duten egoera. Lau osasun zentro daude, tartean, Iztietakoa. Bertan, hamarnaka lagun bildu dira Oreretako bizilagunek bizi duten egoera salatzeko. “Gune hauek osasun zentroetako premiazko arreta bermatzea dute helburu. Horretarako, gutxienez, mediku, erizain eta administraria eduki behar dute”.
Teoria hala bada, praktika oso bestelakoa da. DOPAk urteak daramatza beharrezko mediku estaldura eskatzen, “ez dago bermatuta eta hutsune hau ohikoa bihurtu da”. Hobekuntzak eskatzeko arduradunekin biltzea lortu dute, baina oraindik ere, azpimarratu nahi dute hobekuntzak ez direla egon: “Hobetzen ari zirela esan ziguten, baina zoritxarrez hobekuntzak ez dira nabari”.
“Mediku baten arta jaso dezakezula ezin duzu jakin bertara iritsi arte, ez baitago egoeraren berri inon agertzen. Are gehiago, gerta dakizuke EAG batetik bestera bideratzea artatua izateko”, azaldu dute. Bukatzeko mezu argia zabaldu du plataformak: “Ez dugu loteria honetara jokatu nahi, kalitatezko osasungintza publikoa eta euskalduna eskatzen dugu”.
