Fanderiako kanalaren garbiketa pantailetara eramango dute
1989an, baserritarrek kanala eta errota inguruak garbitu zituzten, urtero egiten zen ohitura; asteburu honetan, De Cyne Reyna aretoan garaiko bideoa proiektatuko dute.
Gaur egun, Fanderia auzoan etxe ugari daude, auzoa erabat urbaniztuta dago. Duela hamarkada batzuk Fanderiako paisaia guztiz desberdina zen: Fanderiako kanalaren inguruan baserriak zeuden. Landa eremuan baserritar ugari bizi ziren, eta 1989. urtera arte Fanderiako kanala idi gurdiekin eta baserriko makineriarekin goitik behera garbitzeko ohitura zuten. Baserritarren ohitura hori urte hartan galdu zen, eta auzoa urbanizatzen hasi ziren, alegia, landa eremua asfaltoarekin estali zuten.
Garbiketa urtean behin egiten zuten: abuztuaren 15ean. Data berezi horren urteurrenean, larunbat honetan, hilak 15, baserritarren garaiko ohitura gogoratzeko bideoa proiektatuko dute De Cyne Reynan. Fanderiako errotak historia badu, baina horretaz gain, urteen poderioz galdutako ohiturari balioa eman nahi diote. Gauzak horrela, herritarrak animatu nahi dituzte De Cyne Reynara gerturatzera.
