San Pedroko frontoia berritu dute
Pasaiako Udalak pilotalekua garbitu, distantzia-markak margotu eta goiko sarea altuagoa jarri du, erabiltzaileen kezkari erantzuna emateko.
Pasaiako Udalak San Pedroko frontoia berritu du. Egunero, ehunka erabiltzaile ditu kirol guneak eta instalazioa berritzea ezinbestekoa izan dela adierazi du udalak. Alde batetik, frontoiaren ezker pareta berdez margotu dute, bai eta distantzia-markak. Beste alde batetik, frontisa eta ondoko hareharrizko horma ere garbitu dituzte. Bertan, zikinkeria ugari pilatuta zegoen eta. Udalak obra hauen bidez helburu garbia du: kirol gunearen egoera eta erabilera hobetzea.
Bestalde, frontoiaren goiko sare altuagoa jarri dute. Aurreko sarea txikiagoa izateaz gain, pilota ugari harrapatuta geratzen ziren. Hori saihesteko, zulo txikiagoak dituen sarea jarri dute, erabiltzaileek hala eskatuta. Horrela, pilotek ez dute bertan harrapatuta gelditzeko arriskurik.
Udalak 31.191,38 euroko aurrekontua izan du lanak egiteko. Bi fasetan egin dituzte: uztailaren erdialdean sarea berritu zuten eta hilaren hasieran margoketa-lanak egin dituzte. Guztira hiru asteko obra izan da.
