Manu Goioganak eraman du Metaberso-ren lehen txapela
Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketaren lehen ekitaldia egin zuten ostiralean, arrakasta handiz. Izandako harrera ikusita, auzotarrak bigarrenari begira jarri dira jada.
Joan den ostiral iluntzean lehia estua izan zen Lezoko Gaintxurizketako Antxillastegin. Bertan jokatu baitzuten Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketaren lehen edizioa, arrakasta handiz gainera. Giro ederrean igaro zen lehia, eta antolatzaileak jada bigarren ekitaldiari begira jarri dira. Auzotarrek HITZAri jakinarazi dionteez, ikusleek “arretaz eta gustura” jarraitu zuten txapelketa, egitasmoak “harrera oso ona” izan zuela aipatu dute. Hortaz, gauaren bukaeran denek argi zutela aipatu dute: berriz errepikatzeko modukoa izan dela lehena.
Lehiari erreparatuz gero, Manu Goiogana irundarra nagusitu zen, hark eraman zuen txapela. Orotara zortzi bertsolari aritu ziren: Inge Mitxelena oreretarra, Egiar Otegi Torres oiartzuarra, Igauri Lopetegi Amostegi irundarra, Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarra, Karlos Aizpurua Etxarte oiartzuarra, Jon Altuna Iza Oxan hernaniarra, Mikel Lujanbio Xapo hernaniarra eta Goiogana bera. Zuhaitz Olazabal Susperregik eta Abel Zabala Elizazu aritu ziren epaile lanetan, eta gidari lanak Iñigo Ugarte Azurmendik egin zituen.
