Urrezko bi domina eskuratu ditu Landarbaso Abesbatzak Suedian
Nazioarteko bi sari berri hauekin, 29 domina ditu dagoeneko abesbatzak. Bi kategorietan izan ziren garaile errenteriarrak.
Abesbatzako kideak, ikurrinarekin. Landarbaso Abesbatzako kideak beste urrezko bi domina ekarri dituzte herrira, oraingo honetan Suediatik. Helsingborgen herrian jokatutako World Choir Games olinpiadetan oso fin aritu dira errenteriarrak. Izan ere, Musika Sakratuaren eta Musika Garaikidearen kategorietan, bietan, urrezko domina eskuratu dute, onenak izan dira. Bi nazioarteko sari hauek gehituta, nazioarteko 29 sari ditu dagoeneko esku artean herriko abesbatzak. Palmares ederra.
Aipatutako bi kategorietan, hainbat konpositoreren zortzi obra interpretatu zituzten, horien artean, Javier Bustoren O Magnum Mysterium eta Laura Jēkabsoneren Lurra. Azken pieza hau lehiaketarako espresuki landu zuen Landarbasok denbora luzez, estrenaikoz eskainiz. Euskaraz aritu ziren kantuan, abesbatzako kideen arabera, “Landarbasoren jatorriari keinu egunez eta euskarari nazioarteko eszenan presentzia emanez”.
Bi kategori horietan 80tik gora puntu eskuratu zituzten, emaitza ezinhobea. Bi domina hauen atzean “hilabeteetako prestaketa eta talde lan handia” dagoela aitortu dute abesbatzako kideek. Egindako lan guzti hori Helsingborgeko agertokian islatu zen, nola gainera.
