Jaizkibel kaleko berrurbanizazio lanak, martxan
Lan bauekin "oinezkoen irisgarritasuna hobetu" nahi du udalak, "kalearen ingurua egokituz". Hiru hilabeteko epean bukatzea aurreikusi due.
Errenteriako Udalak jakinarazi berri duenez, Jaizkibel kalea berrurbanizatzeko lanekin hasi dira jada. Lanak Eregi Herrilan Eta Zerbitzuak SL enpresari esleitu zaizkio, orotara, 130.038,92 euroko aurrekontuarekin. Gutxi gorabehera, lanak hiru hilabetean bukatzea aurreikusi dute. Lan bauekin “oinezkoen irisgarritasuna hobetu” nahi du udalak, “kalearen ingurua egokituz”.
Udala “lanek bizilagunengan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten” saiatuko dela esan du. Hori bai, obren fase batzuetan trafikoan eta aparkalekuetan aldaketak izango direla iragarri du erakundeak.
Lanei erreparatuz, besteak beste, bidearen kota egungo espaloien mailara igoko dute, “elkarbizitza gune bat sortzeko” asmoz. Horrez gain, espaloiak zabalduko dituzte, eta ibilgailuak merkataritzako guneetatik eta etxebizitzetatik urrunduko dira. Zoladura ere berrituko dute: espaloietan baldosa hidraulikoa erabiliko dute, eta bidean asfalto inprimatua. Euri uren bilketa sistema berria ere jarriko dute. Bukatzeko, gaur egun bertan dauden bost aparkalekuak berrantolatuko ditu udalak, eta hiri altzariak ere egokituko dituzte.
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei, eta bereziki inguruko horretako bizilagunei, “obrek iraun bitartean sor ditzakeeen eragozpenengatik”.
