Orereta Rugby Taldearen denboraldi berria, "orain arteko anbiziotsuena"
Klubeko koordinatazile Xabier Sanchezek aipatu du "asmo handiz" ekingo diotela seigarren denboraldiari.
Orereta Rugby Taldea denboraldi berrira begira jarri da dagoeneko. Datorrenaren plangintza ezagutzera eman du klubak, eta Xabier Sanchez Agirregomezkorta klubeko koordinatzailearen hitzetan, “zalantzarik gabe”, aurtengo denboraldia “orain arteko anbiziotsuena” izango da.
Aurten Beraungo Mikel Odriozola estadioan astean bi bider entrenatu ahal izango dute klubeko kideek. Hala, asteazkenetan (18:00etatik 19:30era) 16 eta 18 urte azpikoen eta seniorren taldeak ariko dira entrenatzen. Igandetan, berriz, kategoria txikien txanda izango da, aurreko urteetan egin duten bezala. 12:00etatik 13:30era ariko dira.
Entrenamenduak irailaren 13an hasiko dira. 8 urtetik gorako edonori luzatu diote gerturatzeko gonbita. “Izena emateko moduaren arabera, talde bat baino gehiago antolatuko dira”, jakinarazi dute klubetik. Beraz, denek izango dute txoko bat klubean. Izen emateak helbide honetara idatzita egin beharko dira.
Klubeko koordinatzaileak aipatu du “edozein pertsonak, bere adina edo maila edoein dela ere, gure klubean bere tokia aurktzea” nahi dutela. Ikasturtea “inoiz baino izen emate gehiagorekin” hasiko dutela iragarri du, eta entrenamenduak bikoiztea “harrobia finkatzeko lehen urratsa besterik” ez dela. Gainera, 10 urte azpikoen mailan zazpi jokalarirekin eta 12 urte azpikoen kategorian 10 lagunekin jokatzeko formatu berriarekin, “40 urtetan lehen aldiz talde propioarekin lehiatzeko aukera inoiz baino errealagoa” dela aipatu du. Izan ere, 1985ean jaio zen kluba, eta 1990ko hamarkadaren bukaeran desagertu zen. 2021ean berpizten hasi zen berriro, eta aurtnego denboraldia seigarrena izango da.
Bazkide egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Urtean 50 euro ordainduta, karneta eta arropa eta bestelakoetan deskontuak jasotzeaz gainera, taldea laguntzea erabakitzen dutenek opari bat jasoko dute aurten. Bide batez, gogorarazi dute klubeko kamisetak salgai daudela Paris mertzerian. Lau bertsio aurki daitezke bertan.
