Etorri berriei euskarara gerturatzeko gonbita
Irailaren 1etik 30era bitartean euskarara gerturatzeko gonbita jasoko dute Oarsoaldera etorri berri diren herritarrek.
Etorri berri diren bizilagunei euskarara gerturatzeko gonbita egin diete Oarsoaldeko lau udalek.Oarsoaldeko Euskara Batzordea Etorri berri diren herritarrei euskarara hurbiltzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko udalek, eta horren barruan, euskarara gerturatzeko gonbita jasoko dute irailaren 1etik 30era bitartean.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak koordinatutako kanpaina da lau udalek martxan jarri dutena, eta horren bidez, herritar berriek, nork bere errealitatetik abiatuta euskararanzko urrats bat egitea bilatzen duela azaldu du batzordeak, “herriaren bizitzan behar bezala murgiltzeko eta , horrela, bide berriak irekitzeko”. Hori horrela, bakoitzak markatuko ditu helburuak: hitz solteak eta agurrak ikasi, seme-alabak eredu euskaldunetan eskolatuz, elkarrizketa laburrak izateko adina ikasiz…
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak harago jo du, eta euskara “gizarteratzeko eta promozio sozialerako” elementu gisa aurkeztu dute, “euskara kontuan har dezaten, eta euskararen komunitateko kide izateko aukera izan dezaten”. Oarsoaldearen aniztasuna ere lehen lerroan jarri dute, eta bertara iristen diren bizilagun berriekin “elkartasun osoz” jokatzeko beharra nabarmendu du, “elkarbizitza eta herritarren arteko ezagutza indartu nahi ditugu, beti ere euskara bidelagun izanik”.
2023ko erroldaren arabera, 72.626 biztanle ditu Oarsoaldeak: 39.540 Errenteria-Oreretak; 6.028 Lezok; 10.376 Oiartzunek; eta 16.682 Pasaiak. 2021eko datuen arabera, Oarsoladeko lau herrietako 35.714 biztanle dira euskaldunak, %49,72; 14.302 dira berriz, ia euskaldunak (%19,91); eta 21.802 erdaldunak (%30,35).
Herriz herrika, honakoak dira datuak: Errenteria-Oreretan 17.108 (%43,55) dira euskaldunak; 8.198( %20,87) ia euskaldunak; eta 13.975 (%35,57) erdaldunak. Lezon 3.656 (%60,88) dira euskaldunak; 1.131 (%18,83) ia euskaldunak; eta 1.218 (%20,28) erdaldunak. Oiartzunen 7.732 (%76,16) dira euskaldunak; 1.301 (%12,81) ia euskaldunak; eta 1.119 %11,02) erdaldunak. Pasaian 7.218 (%44,06) dira euskaldunak; 3.672 (%22,41) ia euskaldunak; eta 5.490 (%33,51) erdaldunak. aurreko datu horiek guztiak Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bilduak dira (klik hemen kontsultatzeko denak).
Etorri berriek euskarara gerturatzeko gonbidapena hainbat bidetik jasoko dute: autobus geltokietako markesinetan, sare sozialen bidez, esku orrien bitartez, bideoekin eta prentsaren bidez ere. Informazio guztia, hemen klik eginda.
