Prest dira arraunlariak Kontxako Banderaren gizonezkoen sailkapen estropadarako
Gaur 18:00etan izango da erlojupeko estropada. 24 traineru arituko dira lehian hainbeste desiratutako zazpi postuetako bat eskuratzeko. Hondarribia da faboritoetako bat, eta gerta liteke ere San Juanek sorpresa ematea eta sailkatzea.
Urduritasuna sumatu daiteke Donostiako portuaren inguruan, geroz eta gertuago dago arraunlari gehienen urteroko zita: Kontxako Bandera. Orduak besterik ez dira falta Kontxarako gizonezkoen sailkapen estropadarako; gaur 18:00etan abiatuko da erlojupekoa. 24 traineru lehiatuko dira ea nork eskuratuko datozen bi igandeetako jardunaldietan aritzeko zazpi postuetako bat.
Bi taldeetan banatuta daude partaideak: A taldea, Eusko Label Ligan aritutako hamaika traineruak, Donostiarra izan ezik, zuzenean sailkatuta baitago; eta B taldea, KAE 1 eta KAE 2 Ligetan aritutako beste hamabiak. Jarraian, lehen txandan aterako diren A taldearen ordena:
- Urdaibai
- Ares
- Lekittarra
- Chapela
- Zierbena
- Hondarribia
- Deustu
- Orio
- Getaria
- San Juan
- Santurtzi
- Ondarroa
Behin hamabi horiek irtenda, B taldearen txanda izango da, hurrenkera honetan:
- Mutriku
- Castropol
- Tiran
- Samertolameu
- Zarautz
- San Pedro
- Cabo
- Hibaika
- Lapurdi
- Kaiku
- Zumaia
- Castro
Orio, Zierbena eta Urdaibai daude faboritoen artean, baita Hondarribia ere. Ama Guadalupekoa denboraldi aparta egiten ari da Euskotren Ligan; bosgarren postuan dago, 152 punturekin, eta patroi onenaren saria eskuratu du Ioseba Amunarrizek. Bestalde, Lekittarrak eta Ondarroak ere aukera asko dituzte, jakitunek esan dutenez.
Eskualdeko gainerako traineruei dagokionez, iritzi kontrajarriak daude San Juanek egingo duenaren inguruan. Hamargarren postuan dago, 67 punturekin, eta zailtasunak izango baditu ere, batzuek esan dute sorpresa eman dezakeela. Hibaika eta San Pedroren kasuan, beraien mailan onena ematera irtengo dira uretara.
Eguraldiari dagokionez, giro lasaia espero da. Itsasoa bare egongo da, metro erdiko olatuekin eta haize gutxirekin.
