Santakrutz festa luzeenak dituzte aurrez aurre lezoarrek
2026ko Santakrutz Jaiak hilaren 13an hasiko badira ere, aurretik badira ekitaldi asko. Hilaren 20an bukatuko dira.
Legorburu, Kuesta, Arruti eta Salaberria, gaurko aurkezpenean. Gaur aurkeztu dituzte 2026ko Santakrutz Jaiak. Ofizialki hilaren 13an (igandea) hasiko badira ere, jada asteburu honetatik bertan badira ekitaldiak, tartean direlarik biharko (ostirala) Lezo, dantzaren sehaska dokumentalaren estreinaldia, eta larunbateko Gazte Eguna. Hilaren 11n eta 12an ere badaude jarduerak: 12an, Baserritarren Egunari lotutakoak zehazki. Festen azken ekitaldia hilaren 20ko 22:00etako zezensuzkoa izango da. Beraz, esan daiteke Santakrutz Festa luzeenei aurre egin beharko dietela lezoarrek. Azpialdeko zerrendan ikus daiteke egitarau oso-osoa. Orotara 75 ekitaldiko zerrenda osatu dute herriko eragileek eta udalak.
Mikel Arruti alkateak, Mireia Kuesta Berdintasun zinegotziak, Jon Legorburu Kultura zinegotziak, eta Ainhoa Salaberria Kultura teknikariak eman dituzte festen gaineko xehetasunak. Denek Jai Batzordean biltzen diren herriko talde, elkarte eta eragileen lana aitortu eta eskertu dute, “haien lanik gabe ez legoke festarik herrian”. Udal langileei ere esker mezua helarazi diete, festetan, nahiz horien aurretik eta ondoren egiten duten ahaleginagatik eta lan onagatik.
Arrutik, ordea, aurkezpena baliatu du memoria historiko ariketa egiteko. Izan ere, 1936ko irailaren 13an hartu zuten indar frankista faxistek herria, 90 urte beteko dira beraz 13an gertakari horretatik. “Urte hartako uztailaren 27an, gainera, Etxetxo baserriko Maria Oiartzabal eta bere hiru seme fusilatu zituzten erreketeek. Hilabete geroago, abuztuaren 26an, frankistek botatako bonba baten ondorioz Felix Arriaga udal langilea, eta Esperantza Sein eta Karmen Ginto herritarrak ere hil ziren. Uste dugu urteurren horiek gogoan izatea garrantzitsua dela, herrian oso iltzaturik gelditu ziren kontuak izan zirelako, eta 1936ko santakrutz horietan izua nagusitu zelako. Herri memorian transmititu dira belaunaldiz belaunaldi hilketa horiek, eta horiek aitortzea dagokigu”.
Lezoarrok, lezoarrentzat antolatutako festak direla azaldu du alkateak. Biharko dokumentalaren aurkezpenari balioa eman dio Arrutik egitarauari errepasoa ematerakoan, eta berritasunen artean hilaren 19an Kataluniatik herrira etorriko diren castellers-ak aipatu du: 200 bat kataluniar etorriko dira herrira, Castellers de Caldes de Montbui taldekoak. “Jai giroaz goza dezatela lezoarrek, ekitaldietan parte har dezatela. Horretarako gune seguru eta askeak bermatu behar dira, eta hori guztion ardura da. Gure leloa Lezo elkar zaintzen duen herria da, eta festetan ere hala izatea nahi dugu.
Jaien testuinguruan, beste bi urteurren: batetik Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldiaren 50. ekitaldia ari dira jokatzen aurten. Herri mailako finalak hilaren 20ko arratsaldean jokatuko dira 2018tik Josetxo Etxandiren izena daraman Goiko Plazako pilotalekuan; 1926an eraiki zuten frontoi hori, beraz, aurten 100 urte bete ditu. Abuztuan urteurren horien gaineko jardunaldiak egin zituzten herrian.
Festak denenak dira
Legorburu Kultura zinegotziak datua eman du: santakrutzek 75 ekitaldi eta jarduera izango dituzte. “Horiek denak Jai Batzordeak egindako lanari esker aterako dira aurrera. Jai potenteak dira, eta denentzat: herri bazkaria, danborradak, kalejirak, erraldoi eta buruhandiak, haur eta gaztetxoentzako jolasak, herri kirolak, dantza, musika… Denetik dugu”.
Ainhoa Salaberria teknikariak barraken gaineko xehetasunak eman ditu. Batetik aipatu du herri prezioak adostu dituztela atrakzioak jarriko dituztenekin, eta bidaia baten prezioa 2,5 eurokoa izango bada ere, bosteko bonua hartzen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituztela, Gainera, hilaren 17an (osteguna), Haurren Eguna izaki, prezio berezia izango dute barrakek, 1,5 eurokoa. “Horrez gain, barrakena denentzat gune gozagarri eta segurua izan dadin bertako musika eten egingo da egunero 17:00etatik 18:00etara, denek barraketaz gozatu ahal izateko. Horrela, autismoa edo entzumen hipersentikortasuna duten pertsonek ere horietaz gozatu ahal izango dute”, zehaztu du Salaberriak. Euskal musikak presentzia oso nabarmena izango du, %80koa: “Bizikidetza eta errespetua lehentasun izanik, jai euskaldun, inklusibo, berdinzale eta herrikoiak babesten ditugu udaletik”. Inklusioaren aldeko beste neurri baten berri eman du Mireia Kuesta zinegotziak: hilaren 13ko txupinazoan mugikortasun murriztua duten pertsonek eremu berezitua izango dute plazan.
Kuestak festa seguruen aldeko aldarria egin, eta hori horrela izan dadin neurriak aipatu ditu. Jaiak elkartzeko eta ospatzeko direla azaltzeaz gainera, adierazi du udalaren erronka nagusietako bat dela jada joera nabarmena diren errespetu falten, irainen eta erasoen aurrean babes kolektiborako tresnak lantzea, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean. Haiekin sortutako protokoloa indarrean izango da festetan, eta tartean arreta eta salaketa telefonoa martxan izango da hilaren 13, 14, 18 eta 19an, 00:00etatik 06:00etara: 688 696 204. “Pertsona guztiek jaiak askatasunez bizitzeko eta gozatzeko eskubidea dugu, eta emakumeek seguru eta eroso sentitzeko eskubidea dugu. Guztion erantzukizuna da gure askatasuna mugatzen dutenen aurka borrokatzea. Santakrutzetan ez dugu inolako erasorik onartuko”.
2026ko santakrutzak. Egitaraua.
Hilak 4, ostirala
- 20:30. Lezo, dantzaren sehaska dokumentalaren estreinaldia Altamiragain parkeko anfiteatroan, Kilometro Lezoren barruan.
Hilak 5, larunbata. Gazte Eguna.
- 12:00. Lau Katu txaranga Karlos Saldise plazatik hasita.
- 14:30. Gazte bazkaria Karlos Saldise plazan.
- 16:30. Bingoa Karlos Saldise plazan.
- 18:00. Joseto ta Alayak elektrotxaranga Karlos Saldise plazatik hasita.
- 22:00. Komerik erromeria Karlos Saldise plazan.
- 00:30. DJ Xugux Karlos Saldise plazan.
Hilak 11, ostirala
- 17:00. Haur, gazte eta helduentzako pintxo lehiaketa Karlos Saldise plazan.
- 21:30. Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlana Josetxo Etxandi pilotalekuan, Kilometro Lezoren barruan.
Hilak 12, larunbata
- 09:00. Plater tiraketa Arkalen, lezoarrentzat. Han eman behar da izena.
- 09:30. Ganadu feria Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 12:00. Idi-dema probalekuan.
- 13:00. Paella lehiaketa Jauregialden.
- 14:00. Bertso bazkariak. Ixkulin elkartean, Oihana Arana eta Aner Peritz; Tiñelu elkartean, Haizea Arana eta Maddi Aiestaran.
- 16:00. Mus txapelketa Karlos Saldise plazan.
- 18:00. Idi-dema probalekuan.
- 21:30. Afari autogestionatua Karlos Saldise plazan.
- 22:30. Playback lehiaketa Karlos Saldise plazan.
Hilak 13, igandea
- 12:00. Stage For Dialogue proiektuaren aurkezpena Goiko Plazan.
- 17:00. Umeentzako ginkana Stage For Dialogue proiektuko kideek antolatua Goiko Plazan.
- 19:00. Alkate txikiekin, pregoia eta txupinazoa Gurutze Santuaren plazan. Murixkako dantzariek Agurra dantzatuko dute. Jarraian, Tomas Garbizu Musika Eskolako bandak eta Munttar Lezoko Txistulari Elkartekoek Lezo herria ereserkia interpretatuko dute. Segidan karropoteoa hasiko da.
- 19:30. Gurutze Santuaren bezperak Santo Kristo elizan.
- 22:45. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako danborradek bidea hasiko dute.
- 23:45. Danborraden topaketa Gurutze Santuaren plazan.
- 01:30. DJ 3haiZra Karlos Saldise plazan.
Hilak 14, astelehena. Santakrutz Eguna.
- 10:00. Munttar Lezoko Txistulari Elkarteko musikarien diana.
- 10:00. Bizitzaren alde pedalei eragin jarduera eta haurrentzako pintura tailerra, Gipuzkoa Minbiziaren Aurka elkartearen eskutik, Karlos Saldise plazan.
- 11:00. Perkusio tailerra Gurutze Santuaren plazan.
- 11:00. Meza nagusia Santo Kristo elizan.
- 12:00. Herri kirolak Gurutze Santuaren plazan. Aizkolariak: Iker Vicente, Ibai Soroa, Julen Alberdi eta Ugaitz Mugerza. Harri jasotzailea: Mikel Lopetegi.
- 12:30. I-14 Egunaren topaketa DJ Bullek girotua, Karlos Saldise plazatik hasita.
- 13:30. I-14 Eguna hasteko txupinazoa Gurutze Santuaren plazan. Herri argazkia aterako da.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria Bekoerrota kiroldegian
- 14:30. I-14ko herri bazkaria Lezo Herri Eskolako patioan. Bazkalostean, Andoni Ollokiegiren emanaldia.
- 16:30. Haurrentzako puzgarriak Goiko Plazan.
- 17:30. Josetxo Etxandi L. Oroitaldiko federatuen finalak Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak, Lezo Herri Eskolatik hasita.
- 18:30. Jaixkipe txarangarekin kalejira, Lezo Herri Eskolatik.
- 20:30. Tapia eta Leturia Band, Karlos Saldise plazan.
- Jarraian. DJ Reibax Karlos Saldise plazan.
- 22:00. Zenzensuzkoa Gurutze Santuaren plazan.
Hilak 17, osteguna
- 21:00. Barrexerkaren Patatekin antzezlana Karlos Saldise plazan.
Hilak 18, ostirala
- 17:00. Apar festa eta merienda Karlos Saldise plazan.
- 18:30. Erraldoi eta buruhandiak Munttarreko txistulariekin, Karlos Saldise plazatik
- 19:00. Bertso saioa Gurutze Santuaren plazan. Bertsolariak: Miren Amuriza, Sustrai Colina, Ekhiñe Zapiain eta Aitor Tatiegi. Gaiak Amaia Agirrek emango dizkie.
- 19:30. Harropoteoa Karlos Saldise plazatik.
- 20:00. Pintxo-potea Karlos Saldiseko txosnan.
- 23:00. AimarZren kontzertua Karlos Saldise plazan.
- 00:30. DJ Fifi eta Fefa Karlos Saldise plazan.
Hilak 19, larunbata
- 10:00. Diana Oidultz taldekoekin.
- 11:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, Castellers de Caldes de Montbui taldearen entsegu irekia.
- 11:00. Buruhandi eta erraldoien erakusketa Goiko Plazan. Ondoren, erraldoi eta buruhandien topaketa Lezoko, Irurako, Oiartzungo eta Baionako konpartsekin.
- 12:00. XV. Muxiko Eguna Gurutze Santuaren plazan, Jaiki Hadi taldearekin.
- 12:30. Kantu jira Aitona-Amonen Bordatik hasita.
- 16:30. Truk txapelketa Tiñelun. Izen ematea 16:00etan irekiko da.
- 17:30. Castellers de Caldes de Montbui taldearen ikuskizuna Gurutze Santuaren plazan.
- Ondoren. Kitaldelpare txaranga Gurutze Santuaren plazatik hasita.
- 19:00. Patata tortilla txapelketa Lope Isasti plazan.
- 20:00 Bada Giro taldearekin erromeria Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30. Herri afari autogestionatua Lope Isasti plazan.
- 23:30. Skabidean eta Arene 6 taldeen kontzertua Karlos Saldise plazan.
- Ondoren. DJ Biki Bikiak Karlos Saldise plazan.
Hilak 20, igandea
- 10:00. Diana Oidultz taldekoekin.
- 12:00. Inude eta Artzainen desfilea, Lopenetik
- 16:30. Josetxo Etxandi L. Oroitaldiko herri mailako finalak, Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 17:00. Zapotxin pailazoa Gurutze Santuaren plazan.
- 18:30 Erraldoi eta buruhandien kalejira Munttarreko txistulariekin, Karlos Saldisetik.
- 20:00 Oinkari dantza taldearen eta Hika Teatroren Makil hotsak ikuskizuna Goiko Plazan.
- 22:00. Zezensuzkoa, Tomas Garbizu Musika Eskolako bandarekin, Gurutze Santuaren plazan.
