Euskara eroso ikasteko hamaika aukera, AEKn
Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegiek matrikulazio kanpaina abiarazi dute. Euskara Bonua, ikasturte berrirako berritasun nabarmenena.
Oarsoaldeko AEKren euskaltegietako kideak, gaur, kanpaina aurkezten. 2026-2027 ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu dute Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegietan. Urriaren lehen egunarekin hasiko dira eskolak, beraz, euskara etxe alboan eta eroso ikasteko zein aukera dituzten azaldu dute gaur egindako agerraldian Oroitzene (Lezo), Intxixu (Oiartzun) Xenpelar (Orereta) eta Txirrita (Pasaia) euskaltegietako ordezkariek. “Euskara eroso ikasi eta euskaraz eroso bizitzea. Horixe da gure xedea: herritarrak, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe”. Lezoko Altamiragain parkeko anfiteatroan bildu dira AEK-ko kideak prentsaren aurrean azalpenak emateko.
Eskolez gain, beti bezala, ekintza osagarriak dira AEK-ko euskatelgien izaeraren zati, eta indarguneetako bat: “Eskolez gain, ikasleek kanpo-ekintzez gozatzeko aukera izango dute: afariak, tailerrak, bisita gidatuak, topaketak, txangoak… Ikasleei ekintza erakargarriak eskainiko dizkiegu aurten ere, euskaraz ikasi, bizi eta gozatu dezaten”. Aurten 50 urte beteko ditu AEK-k.
Herritarrek nahi duten euskara maila lortzeko askotariko aukerak ditu eskuragai AEKren euskaltegiek: euskalduntze-ikastaroak, mailak egiaztatzekoak, C2, autoikaskuntza, merkatarientzako eta gurasoentzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mintza-taldeak, Mintzalaguna egitasmoa, eskualdeko irakasleentzako prestakuntza, C1 mailako azterketa prestatzeko eskolak ikastetxeetan… “Etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila lortzeko eta abar, herritarrek AEKn hamaika aukera topatuko dituzte”.
Euskara Bonua
2026-2027 ikasturterako Euskara Bonuarekin lotutako berritasun bat badela azaldu dute Oarsoaldeko euskaltegietako ordezkariek. Hala, Gipuzkoan, Araban edo Bizkaian A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek, 120 euro ordainduta, 4 urtez ikasi ahal izango dute, Euskal Bonua baliatuta eta ezer gehiagorik ordaindu gabe . “Bestalde, ohi bezala Oarsoaldeko udal guztiek diruz lagunduko dituzte euskara ikastaroak, eta horren inguruko informazio guztia euskaltegietan eskuratu ahalko dituzte herritarrak”, zehaztu dute.
50 urte
1976-1977 ikasturtean hasi zuen bere euskalduntze eta alfabetatze ibilbidea AEK-k izen horrekin. Aurretik, gerora AEK izango zenaren barruko euskaltegiek bidea egina zuten, baina ikasturte hartako matrikulazioek %300eko hazkundea izan, eta helduen euskalduntze eta alfabetatzek beste dimentsio bat hartu zuen; testuinguru horretan hasi zuen AEK-k izen horrekin bere bidea prozesu baten bitartez. “Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 1976-1977 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dugu aurten”.
AEKren eskaintzarekin bat egin nahi dutenek, edo informazioa behar dutenek, beheko koadroan dauden bideak balia ditzakete. Besteak beste, euskaltegien iraileko bulego ordutegia ageri da bertan.
Oarsoaldeko AEK euskaltegiak. Harremana egiteko bideak
Lezoko Oroitzene AEK euskaltegia
- Telefono zenbakiak: 607 598 871 eta 943 51 91 44
- Posta elektronikoa: lezo@aek.eus
- Iraileko bulego ordutegia: astegunetan 10:00-13:00 eta 16:00-19:00 tarteetan (ostiral arratsaldetan itxita)
Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegia
- Telefono zenbakiak: 607 534 263 eta 943 49 39 57.
- Posta elektronikoa:oiartzun@aek.eus
- Iraileko bulego ordutegia: astegunetan 10:00-13:00 eta 16:30-19:00 tarteetan (ostiral arratsaldetan itxita)
Oreretako Xenpelar AEK euskaltegia
- Telefono zenbakiak: 607 569 200 eta 943 34 02 33
- Posta elektronikoa: orereta@aek.eus
- Iraileko bulego ordutegia: astegunetan 09:00-13:00 eta 17:00-20:00 tarteetan (ostiral arratsaldetan itxita)
Pasaiako Txirrita AEK euskaltegia
- Telefono zenbakiak: 607 545 381 eta 943 52 55 45
- Posta elektronikoa: pasaia@aek.eus
- Iraileko bulego ordutegia:
- Astelehenetik ostegunera: 10:00-13:00 eta 07:00-20:00 tarteetan.
- Ostiraletan: irailaren 4 eta 11n, 10:00-13:00; irailaren 18an, 16:00-18:00; irailaren 25ean, 10:00-13:00 eta 16:00-19:00
Donibaneko Meipin
- Asteartetan: irailaren 8an eta 22an, 17:00-20:00; irailaren 15 eta 29an, 10:00-13:00.
