San Juan eta Hibaika Kontxan dira, Hondarribia ez
San Juanek denborarik onena egin du gaurko sailkatze estropadan, eta bosgarren sailkatu da Hibaika, bost segundora; Hondarribiak ez du txartela lortu Zarautzek haren denbora hobetuta eta zortzigarren sailkatu da gaurko estropadan.
Giro ederra izan da arrapalan traineruak ateratzerakoan.Gorka Correyero Llamas Ikusgarria Bateleren gaurko estropada; denborarik onena egin dute sanjuandarrek sailkatze estropadan zuten erronka bikain beteta, eta itzulerako luzerik onena egin da. Bigarren sailkatu den Astillerori hiru segundo luze aterata, baita hirugarren izan den Tolosaldeari ere. Gaurko lehian aritu den Oarsoaldeko beste ontzia, Hibaika ere, oso txukun sailkatze estropadan; bosgarrena izan da Iñaki Mendizabalek entrenatzen duen eskifaia, Euskotren Ligan izan duen seigarren postuan urrats bat gora eginda gaurko estropadan.
Lanak oso txukun Madalen ontzikoek, eta helburua beteta: txartela eskuan du Hibaikak eta datozen bi asteburutan lehia bizian izango da arraunaren olinpiadan.
Bestaldean, txanponaren ifrentzua gaurko lehian Hondarribiarentzat. Ez du Ama Guadalupekoak sailkatzerik lortu ETE Ligan arerio izan duen Zarautzek berdeen denbora gaindituta. Txartela Kontxarako ez, baina ETE Liga irabazita nagusitasuna eta sasoi betean dela erakutsi du Bidasoko taldeak.
Pozik sanjuandarrak gaurko balentriaren ostean. Kontxan sailkatzea zuen helburu taldeak, eta txartela lortu bai, baina denbora onena markatuta egitea “ikaragarria” izan dela adierazi du Basagaitz Gereño arraunlariak; ezin sinistu azaldu da lortutakoarekin: “Oso gustura gaude egindako lanarekin, sailkatzea genuen helburua eta bagenekien estu joango zela. Bertsiorik onena ematera joan gara eta eman dugu”.
Pozik bigarren eta hirugarren sailkatuarekin ia lau segundoko aldea lortu dutelako Batelerek, “ondo egitea genuela bagenekien, baina oso talde gaztea da gurea, harrobiko arraunlariekin osatua, eta handia da gaur eman dugun maila. Gurea herri txikia da eta arraunak berebiziko garrantzia du eta horrek garrantzitsuagoa egiten du gaurkoa”.
Datozen bi jardunaldietara begira jarri da Gereño: “Borrokatuko gara. Helburua sartzea zen; aspaldiko partez, aurten lortu dugu eta hemendik aurrerakoa, oparia izango da”.
Hibaikako arraunlariak ere pozik lortutako emaitzarekin, euren bidetik jarraitu dute gaur ere errenteriarrek, erregular eta lanak ongi beteta. Inge Ugarte patroia pozik azaldu da eta datu garrantzitsua jarri du nabarmen: Hamalaugarren aldiz jarraian sailkatu dira errenteriarrak Kontxara, Ez da marka makala Hibaikarena emakumeen taldeen artetik sailkapen gehien lortu dituena delako Kontxako Banderarako segidan. Erreferentziarik gabe aritu da gaur uretan Madalen ontzia, lehena atera baita, “onena ematera eta ahalik eta ondoen egitera atera gara uretara”. Datozen igandeetan “disfrutatzera” aterako direla esan du Ugartek.
Zarautzi zorionak Errenteria-Oreretako eskifaiaren kideak, sailkatu direlako, “sorpresa polita eman dute”. Egindako denboraldiaz eta taldeaz harro azaldu da Hibaikakoa, “kristoren denboraldia egin dugu eta orain gozatzea tokatzen da”.
Erroxe Amunarriz Hondarribiko arraunlariak bere aldetik, onena ematera atera direla esan du, baina ez da nahikoa izan, “sentsazioak ez dira txarrak izan, itzulera luzeko bigarren zatian haizea sumatu eta agian galdu dugu zertxobait baina ez dugu sentsazio txarrik izan. Zarautz hobeto joan da, tartea zabaldu digu. Gure lana egitera joan gara eta ez da atera”.
Hilaren 6an eta 13an lehian ariko dira aurretik txartela lortua zuen Arraun Lagunak eta gaur sailkatu diren gainontzeko zazpi ontziak; tartean izango dira San Juan eta Hibaika.
Sailkapen estropadaren denborak
- San Juan 10:57.06
- Astillero 11:00.88
- Tolosaldea 11:00.92
- Orio 11:01.02
- Hibaika 11:02.46
- Donostiarra 11:04.90
- Zarautz 11:06.66
- Hondarribia 11:11.22
