Udal egutegiaren azalaren bila
Laurak Batek eta Pasaiako Udalak argazki lehiaketa bat abiatu dute 2027ko udal egutegiaren azala aukeratzeko. Hilaren 31 da irudiak aurkezteko azken eguna.
Martxan da Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak eta Pasaiako Udalak lankidetzan antolatzen duten argazki lehiaketa. Iaz bezala, irudi irabazlea 2027ko udal egutegiaren azala izango da, eta egutegi hori urtea bukatu baino lehen banatuko du udalak. Iaz antolatu zen lehiaketa lehen aldiz, eta Xanti Esnaolak irabazi zuen, Laurak bat dira argazkiarekin.
Argazki lehiaketaren helburua da herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei balioa ematea; hori dela eta, epaimahaiak “modu positiboan” baloratuko ditu merkataritzarekin zerikusia duten irudiak, nahiz eta gai nagusia Pasaia izango den.
Lehiaketa irekia da, adin mugarik gabe, eta izen ematea doakoa. Argazkiak bidaltzeko epea irekita dago jada, eta hilaren 31 izango da irudiak bidaltzeko azken eguna. Epaimahaiak azaroaren 9a baino lehen ezagutaraziko du irudi irabazlea.
Argazkiak posta elektronikoz bidali behar dira, parte hartzailearen datu pertsonalak eta harremanetarako telefonoa adieraziz. Irudiek izenburua izan behar dute, eta ahal bada, deskribapen labur bat eta hartualdiaren data zehaztea eskatu dute sustatzaileek.
Argazkiak horizontalak izan beharko dira, koloretan edo zuri-beltzean. Gutxieneko bereizmena 300 p/p-koa izan beharko da, eta irabazlea izanez gero, gutxienez 3.600 x 2.450 pixeleko irudi bat eskatuko zaio garaileari. Argazkiak ezin dira aurrez argitaratutakoak edo sarituak izan, eta irudian pertsonaren bat ezagutzeko moduan agertzen bada, haren baimena beharko da.
Irudi irabazlea 2027ko udal egutegiko azala izango da, eta 500 euroko saria jasoko du egileak erosketa txarteletan. Bonu horiek Laurak Bati lotutako edozein establezimendutan trukatu ahal izango dira.
Epaimahaia Laurak Bateko eta udaleko ordezkariek osatuko dute, eta lehiaketaren espiritua ondoen irudikatzen duen argazkia hautatuko dute. Azaleko irudia aukeratzeaz gain, gainerako argazkiak Laurak Baten eta udalaren argazki artxiboetan sartu ahal izango dira, eta etorkizuneko ekintzetan erabili, betiere egilea aipatuz.
Laurak Batek eta udalak herritar guztiak animatu dituzte lehiaketan parte hartzera. Lehiaketaren oinarri guztiak Laurak Baten eta Pasaiako Udalaren webguneetan kontsulta daitezke.
