Kantagiltzaren hurrengoa, 'Esanezin'
Igandean (hilak 6) Esanezin musika proposamenaren txanda izango da. Kantagiltzaren hurrengo hitzordua 18:00etan izango da, Arizmendienean.
Kantagiltza izango da ikasturte berriaren hasieran herria musikatzeaz arduratuko den egitasmoa. Izan ere, igandean (hilak 6) Esanezin musika proposamenaren txanda izango da. Saioa Gotzon Barandiaranek gidatuko du, eta Ianire Aranzabe izango da musikari gonbidatua, 18:00etan, Arizmendienean. Bertaratu nahi duenak txartela erosi beharko du zazpi euroren truke Kastro Berri tabernan. Egunean bertan ere Arizmendienea lorategian erosteko aukera izango da.
Altzagaratekoa da Aranzabe, eta Esanezin izenarekin hirugarren estudioko lana argitaratu du: Hormetan Idazten. Bederatzi abesti ditu lanak, eta bi kolaborazio egin ditu: Sara Zozayarekin bata –Gure Zauria–, eta Idoiarekin –Argia Dugu Gertu– bestea.
2021ean hasi zuen ibilbidea Aranzabek bakarlari gisa, eta handik denbora batera batu zitzaizkion beste hiru musikari: Iñigo Asensio (teklatua eta korua), Arri Iraeta (bateria eta korua), eta Imanol Rubio (gitarra elektrikoa). Esanezin proiektua sortu zuten. Lehenbizi Aireratzen EPa argitaratu zuten, eta Erretratu bat diskoa gero. Orain, berriz, bigarren lan luzea aurkezten ari da kontzertuetan.
