Herri txapeldun baten dokumentala, anfiteatroan
'Lezo, dantzaren sehaska' dokumentalaren estreinaldia jasoko du gaurko (ostirala) 20:30ean Altamiragain parkeko anfiteatroak. Dantzako txapelketetan garaile izan direnen aitortzarako lana da.
Gaurko emanaldiaren osagarri bezala, garaikurren erakusketa jarri dute Kultura Aretoan. 
Aritz Salamanca, Iraultza Garmendia, Mikel Pontesta (2021eko uztailean hil zen), Lurdes Esnaola, Joxe Juan Ugalde eta Iker Sanz, 2015eko abenduan Lezoko dantzari txapeldunekin HITZAk egindako erreportajeko irudian.
Lezoko udaletxean dantzako Euskal Herriko txapelketetako hiru garaikur daude. Bat betirako izango da han, Joxe Juan Ugaldek eta Lurdes Esnaolak hirutan jarraian irabazi zutelako Segurako Bikotekako Euskal Herriko Dantza Txapelketa, 1981tik 1983ra. Beste biak behin-behinean daude: bat Maren Galvezek eta Gorka Granadok 2025ean Seguran irabazitakoa da, bestea Mikel Esnaolak iaz ere Hondarribiko Euskal Herriko Aurresku Txapelketan lortutakoa. Azken biak Segurara eta Hondarribira bueltatuko dituzte urrian eta azaroan, dantza lehia horiek orduan egingo direlako. Izan ere, garaikur horiek herrietan betirako gelditzen dira hirutan jarraian irabazten badira, edo bostetan txandaka.
Erreportaje honetako sarreran esandakoak ez dira kasualitatea. Trofeo horiek Lezon egotea ez da zori. Dantzarekin estuki lotuta dago herria, eta bereziki dantza txapelketetan sona handikoa da Unibertsitatea. Hala, ondare hori guztia jasotzeko dokumentala egin, eta gaur (ostirala) herriari aurkeztuko diote Altamiragain parkeko anfiteatroan izango den Kilometro Lezoren barruko emanaldi irekian, 20:30ean: Lezo, dantzaren sehaska du izena. Horrekin paraleloan maila nagusietan Lezoko dantzariek lortutako garaikur, txapel eta bestelako askorekin erakusketa zabalik izango da gaur Kultur Aretoan. Hala, dokumentalean era batera edo bestera parte hartu, eta urte luzetan Lezoko dantzarekin harremana izan duten kide eta laguntzaile guztiekin gonbidapen bidezko pasea egin zuten asteazkenean Gezalan.

Iker Belintxon lezoarra eta Katerin Artola oiartzuarra, 2024ko azaroan HITZAk egindako elkarrizketako irudian, urte hartako Segurako Euskal Herriko Txapelketa irabazi eta gutxira.
Dokumentala egiteko prozesua ez da berehalakoa izan, Lurdes Esnaola dantzari ohi eta dantza irakasle profesional izandakoak —2018an istripu bat izan, eta jardun profesionala utzi behar izan zuen; egun hainbat dantzariren laguntzaile da— esan duenez. Bi urteko lana dago sormenaren muinean: «Gorka Granado dantzariak, sopelaztarra izan arren, Lezon entseatzen du. Maren Galvez lezoarrarekin batera Euskal Herriko txapeldun izan da bitan. Hala, ikus-entzunezkoen ikasketen kurtso bukaerako proiektua egin behar zuen, eta gaia behar zuen horretarako. Nik eman nion Lezoko dantzariekin dokumentala egiteko ideia». Izan ere, Lizartzan ere eman zituen dantza eskolak Esnaolak, eta han zela, egun batean Erik Jaka pilotariari omenaldia egin ziotela ikusi zuen, txapelketa bat irabazi zuelako. «Nik Lezon antzerako zerbait egin behar genuela pentsatu nuen. Ideia hori nuen aspalditik buruan. Horregatik egin nion proposamen hori Granadori. Lezon, herri txiki batean zenbat txapeldun ditugun jasotzea sekulakoa izango zela esan nion». Lezo, dantzaren sehaska ikus-entzunezkoa ondu duen lantaldearen buru izan da Granado.

Gorka Granado sopelaztarra eta Maren Galvez lezoarra, iazko Segurako Euskal Herriko Txapelketan. Bigarrenez irabazi zuten. Granado izan da dokumentala egin duen lantaldearen buru.
Edukia
Dokumentalaren muina elkarrizketak dira. Hiru multzotan daude antolatuak solasaldi horiek, betiere helduen mailan txapeldun izan diren dantzariekin egindakoak. Lezoko dantzariak ageri dira batean, hala nola Lurdes Lopetegiren, Joxe Juan Ugalderen, Iban Agoteren, Aritz Salamancaren edo Iker Sanzen hitzak ikus-entzun daitezke. Beste atal bat dantzarien familiei dagokie, eta adibidez Lurdes Esnaola bera eta Mikel Esnaola haren iloba txapeldun izan direlako, baita Iraultza Garmendia eta haren alaba Maren Galvez ere hizketan ageri dira, haien arteko solasaldian. Hirugarren atala, Lezokoak izan ez, baina herrian dantzan trebatu eta txapeldun izan direnen tartea da, «kanpokoak izan arren, lana hemen egin dute», zehaztu du Esnaolak. Baina hiru atal horiez gain, beste elkarrizketa bat nabarmendu du, Patxi Larrearena: «Nik, eta nik bezala askok, harengandik jaso genuen dantza». Elkarrizketez gain garai bateko bideo, irudi, bertso eta bestelakoekin osatu da dokumentala. «Dokumentazio lan handia egin da», azaldu du Esnaolak. Mikel Pontesta ere izan zen aurreskuan Euskal Herriko txapeldun Pasaian, 1981ean; Iker Belintxon binakakoan izan zen garaile Seguran, Katerin Artola oiartzuarrarekin, 2020an eta 2024an.

Patxi Larrea dantzari ohi eta dantza irakasle lezoarra. 2024ko urrian hil zen.
Dantzaren harra Larrearengandik jaso zuela esan du Esnaolak. Baina Esnaola bera Euskal Herriko dantzaren munduan ezinbesteko figura da haren eskutatik txapeldun asko eta asko pasa direlako. Handikeriarik gabe mintzo da bere lanaz, xume. Dantza, eta beraz dokumentalaren eduki asko, bere bizitzaren zati inportante dira. «Dokumentala egiteko prozesuan ahaztuta nituen gauza asko oroitarazi ditut. Urte askotako lanaren ondorio dira herrira etorri diren txapelak, horien atzean ahalegin handia dago. Dokumentalean jasota geldituko dira horiek guztiak betirako», esan du Esnaolak: «Dantza nire pasioa da. Zenbat aldiz utzi dut albo batera familia dantzagatik! Baina honetan guztian ez da bakarrik Lurdes egon. Atzean izan dudan jende pila izan ez banu, lortu den guztia, irabazi diren txapel guztiak, ez ziren iritsiko. Dantzarien gurasoek eta herritarrek egindako ekarpena aitortu eta eskertu nahiko nituzke. Baten izena ateratzen da maiz, baina lortutako guztia askoren artean egindako lanaren emaitza izan da».
Gaur, Lezo, dantzaren sehaska ikusteko eta gozatzeko aukera izateaz gain, zuzeneko musika eta dantza saioak izango dira. Helduen mailetan txapeldun izandakoek ere aitortza jasoko dute anfiteatroan. ■
