Eman daiteke izena Arraztaloren asteko saskietan
Garaiko barazki freskoekin osatzen dute saskia. 55 euro balio du bakoitzak, eta izena eman behar da eskaera egiteko.
Arraztalo Oiartzungo elkarteak kontsumo taldearen denboraldi berria abiarazi du helburu argi batekin: “Osasuntsu elikatzea, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen integrazioa babesten den bitartean”.
Herrian zenbait baratze ditu elkarteak, eta bertatik biltzen dituzten garaiko barazki freskoekin osatutako saskiak banatzen dituzte herritarren artean, 55 euroren truke. “Eredu honek kontsumo kontzientearen aldeko apustua egiten du, bitartekariak kenduz eta kalitatezko zein ingurumen inpaktu txikiko produktua bermatuz”, diote.
Saskien banaketa bi modutara egiten dute: astero Oiartzungo plazan banatuz, edota eskualdeko enpresa, lan zentro zein ikastetxeetan taldeentzako banaketa pertsonalizatuak antolatuta. Bide horretan, honakoa azaldu dute: “Saski bakoitzak gure familiei osasuna eta elikadura subiranotasuna ekarri ez ezik, lurra lantzen duten pertsonei lan aukera erreala ematen die”.
Kontsumo taldearen saskia eskatzeko izena eman behar da esteka honetan edota mezu elektroniko bat idatziz.
