Herriko kultura aniztasuna bistaratzeko, 'An(h)iztunak' giza liburutegia
Atlantikaldiaren parte da jarduera, eta helburua hizkuntza komunitate ezberdinak ezagutaraztea da. Hilaren 18an izango da jarduera, 17:30ean.
Hilaren 17an hasiko da Atlantikaldia, eta dozenaka jarduera antolatu dituzte haren baitan. Esaterako, An(h)iztunak giza liburutegia da horren adibide. Errenteriako Udalak antolatu duen egitasmoa da, eta haren helburua “herrian bizi diren hizkuntza eta kultura aniztasuna ezagutarazi eta pertsonen arteko elkarrizketa eta topaketa sustatzea” da.
Azaldu dutenez, elkarrizketa eta ezagutza bultzatu nahi dituzte topaketa horrekin, hitzorduan liburu deituriko parte hartzaileek beren istorioak, bizipenak, interesak edota zaletasunak partekatzen baitituzte entzuleekin. “An(h)iztunak” giza liburutegiak Errenterian bizi diren hizkuntza komunitate ezberdinak ezagutzeko eta haien errealitateetara gerturatzeko aukera eskainiko du”, gehitu dute.
Finean, jatorri ezberdinetako parte hartzaileak beren hizkuntza eta kulturari buruz mintzatuko dira, baita, noski, euskararekin duten harremanari buruz ere. “Herriko hizkuntza eta kultura aniztasuna ezagutzeko eta etorkizuneko Errenteriari buruz hausnartzeko espazio bat sortuko da, kulturen eta hizkuntzen arteko elkarrizketa sustatuz”, gaineratu dute.
Egitasmo horretan parte hartzeko izena eman behar da, eta pertsona bakoitzak inskripzio bakarra egin ahal izango du, gehienez ere 40 lagun elkartzeko aukera izango baita. Solasaldia hilaren 18an izango da, 17:30ean, Herrixkan, eta hamabi urtetik gorako pertsonentzat da.
