Ideia soilak proiektu bilakatzen laguntzeko, Ekin Talent
Oarsoaldea Garapen Agentziak jarriko du martxan programa, eta hainbat proiekturen lehen urratsetan laguntzea du xede.
Oarsoaldea Garapen Agentziak Ekin Talent programa abiaraziko du “eskualdeko talentu ekintzailea identifikatu, aktibatu eta ideia berritzaileak proiektu bideragarri bihurtzen laguntzeko” xedez. Diotenez, ekintzailetzaren lehen urratsetan dauden pertsonei eta taldeei zuzendutako egitasmoa da.
Programa horrek eskualdean dagoen ekiteko gaitasuna azaleratu eta aukera berriak sustatu nahi ditu, “pertsonak beren proiektuaren lehen urratsak bakarrik egin behar izan ez ditzaten”.
Egitasmoa Enplegu eta Toki Garapeneko Planaren esparruan garatzen da, eta Lanbidek finantzatzen du Kultura eta Sormen Sektorea zein Ekonomia Urdinarekin lotura duten proiektuetara bideratutako programa.
Ekin Talenten parte hartzen dutenek hasierako ideia bat izan behar dute, eta ideia hori landu, probatu eta sendotzeko ibilbidea egingo dute. Hain justu, egitekoaren ardatz nagusiak diagnosia egitea, balioztatzea, prototipatzea, esperimentatzea eta inkubatzea izango dira.
Partaideek 1.500 euroko dedikazio beka bat izango dute proiektu bakoitzeko, eta parte hartzen duten proiektuek 1.800 eurorainoko gastu funts bat eskuratu ahal izango dute.
Izena esteka honen bidez eman behar da, eta eskaerak bidaltzeko azken eguna urriaren 9a da. Hots, biltzen dituzten eskaeren balorazioa urriaren 12ko astean zehar egingo dutela jakinarazi dute.
