Osasuna, diru etekinen gainetik
Abuztuko suteak lezoarrek portuarekin duten kezka areagotu du. Kutsadura buka dadin nahi dute, osasuna bermatzeko.
Ager Arrieta, Ainhoa Intxaurrandieta eta Karmen Clemente lezoarrak, kaiaren parean. 
Abuztuaren 21eko sutearen irudia, ontzi batetik ateratakoa.
Abuztuaren 21eko 05:30ak inguru zen. «Lo nengoen. Leihoak zabalik egiten dut lo. Erre usainak esnatu ninduen. Ez paper bat erretzen duzunean bezalako erre usaina; plastiko errearen usain indartsu hori zen. Pentsatu nuen nire etxeko zerbait erretzen ari zela. Sukaldea joan, dena begiratu, eta ondo zegoen. Egongela aldera joan, ez du kaira ematen hango leihoak, eta handik zetorren usaina. Bizilagunen baten etxebizitza erretzen ari ote zen ere pentsatu nuen, ni bizi naizen inguruko etxe guztiek egurrezko egitura dutelako. Kanpoko deus ez nuen ikusten; beno, bai, lanbro zuri dentso bat. Oso zurruna. Leihoak itxi nituen, eta erabat zorabiatuta ohera bueltatu behar izan nuen, buruko minarekin. Ezegonkor nengoen. Hortik gutxira ezagun batzuk bidali zidaten portuko argazki bat, han sutea zela». Lekukotza hori Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra lezoarrak eman du. Hark bezala, ehunka, milaka herritarrek antzekoa bizi izan zuten abuztuaren 21 hartako goizean. Portuko txatar mendixka batean sutea izan zen. Eguratsa arnasezin bilakatu zen. Kaleetara, etxeetara sartu zen bentzeno kopuru handia zuen ke hori. Jendeak arnastu zuen.
Lezoko kaian izan zen sutea. Antza, Irlandatik astebete lehenago etorritako ontzi batek utzitako txarrak su hartu zuen; egun horietan bero egin zuen, handia. Batez ere lagunen arteko mezularitza aplikazioetatik herritarrengana sutearen irudiak iristen hasi ziren. Gerora, leihoak ixteko eta konfinamendurako deia Lezoko Udaltzaingoaren partetik, SOS Deiak-etik, eta Es-Alert sistemaren bidez mezua. Lezo eta Donibane arteko errepidea moztu zuten hainbat orduz, txatar mendixka horren alboan dagoelako.
«Egun osoa gaizki izan nintzen, buruko minarekin, erdi-zorabiatuta…», zehaztu du Intxaurrandietak: «Etxetik ez ateratzeko esan zidaten ezagunek, udaltzainek hori esan zutelako. Niri ez zitzaidan ezer iritsi, ez Es-Alert, ez ezer. Lagunen Whatsapp mezuak besterik ez. Gerora irakurri nuen SOS Deiak-en alerta. Etxean gelditu nintzen, konfinatua. Gero ikusi genuen mugimendua hasi zela kalean, eta irten ginen». Karmen Clemente Alavarok eta Ager Arrieta Martikorena lezoarrek Bidasoa aldera joan behar izan zuten egun hartan. Clemente: «Irunen lan egiten dut, eta han ere usaina zegoen. Ez Lezon adinakoa, baina haraino iritsi zen kutsadura eta usaina. Guk zuzenean jasotzen dugu kutsadura, baina baldin eta haizea norantz joan, toki batera edo bestera joan daiteke. 2018ko sutean, adibidez, Donostia aldera joan zen kea. Errauskailu baten gainean bizi garenaren sentsazioa dugu». Arrieta: «Egun hartan Hendaian izan nintzen. Han ere sumatu nuen herrian genuen usaina».

Joan den asteko osteguneko herritarren mobilizazioa.
Herri erantzuna
Intxaurrandietarekin, Clementerekin eta Arrietarekin izan da Hitza abuztuaren 21ekoa kokatu, eta artikulatzen ari den herri erantzunaren berri izateko. Hiru lezoarrek aipatu dute sutearen egunean bertan bor-bor jarri zirela haien mezularitza euskarriak goizaldean gertatutakoari erantzuna emateko aldarri eta mezuekin. «Suteak eragindakoaren kontrako mugimendua espontaneoa izan zen. Jada jendearen asperdura oso nabaria da, portuarekin dagoen nazkamena, sumindura eta haserrea sekulakoa da. Nahikoa da. Osasuntsu arnastu nahi dugu, osasuntsu bizi nahi dugu. Lezo beti zigortua dago, bai trafikoagatik, bai arnasten dugunagatik». Egunero 1.200 kamioi pasatzen dira Lezoko herrigunetik, portuaren edo inguruko industrialdeetan dutelarik ibilgailu horiek jatorri edo helmuga.
Izan ere, hirurek, eta sutearen ondorioz sortu den herri mugimenduko kideek garbi dute abuztuaren 21eko sutea eta ondorioz zabaldu zen kutsaduraren zabaltzea, eta 2018ko abuztuaren 2an izan zen beste sutea ere arazo larri baten «une gorenak» besterik ez direla. Hedabideek Lezon jarri zuten fokua. Ez era hain ikusgarrian, baina portuaren jardunaren eragina egunerokoa dela azaldu dute lezoarrek, ordea. «Sute honek balio izan du egunerokoan jasaten duguna prentsan agertzeko. Egunero-egunero arnasten dugu, ordea, kutsadura hori, baina konfinatu gabe. Donibane aldera joanez gero maiz ikusten da kea txatar mendixketan. Sute txikiak daude askotan, baina ez dira handitzen, itzaltzea lortzen dute. Gure egunerokoa hori da», Arrietak. Joan den asteko ostiralean, Lezoko Kaialdeko parkean zirenek portuko mendixka batetik berriz ere hautsa ateratzen ikusi zuten, txatarraren deskargan ari ziren, hauts hori Lezo aldera joan zen. «Hori egunero-egunero bizi dugunaren adibide bat besterik ez da».
Sutearen fokua izan zen txatarra portura ekarri zuen ontzia egun batzuez Lezoko nasatik, Trintxerpekora eraman zuten. «Esan digute ontzi hura han izan eta gutxira Trintxerpe aldean hildako arrain asko azaldu zirela», zehaztu du Arrietak. Trintxerpetik, sutearen lekura itzuli zen berriz ere barku hori, txatarraren deskargarekin jarraitzera. «Txatarra gehienetan birrindutako autoak dira, gasolina, bateriak eta bestelakoak dituzte, eta sailkatu gabe iristen dira. Txatarra horretatik Algeposa enpresa aberasten da. Oso kalitate eskaseko txatarra da, merkea, inork inon nahi ez duena», Intxaurrandietak. «Hemen ikus daiteke bizi dugunaren paradoxa. Alde batean auto birrinduen txatarra kutsatua; beste aldean, auto berriak barkuan sartzeko prest», esan du Clementek, behatzarekin Lezoko kaiaren alde bat eta bestea seinalatuz.
Lezoarrek azaldu dute txatar mendixkak maiz denbora luzez izaten direla Lezoko aldean. Horren arrazoiaren berri eman dute. «Txatarraren prezioa igotzen denean saltzen du Algeposak. Beraz, enpresa horrek egoki ikusten duen arte egon daitezke hemen mendixka horiek. Negozioa, diru etekina, dago denaren gainetik. Gure osasunaren gainetik». Horren aurrean mobilizatzen hasi dira lezoarrak: abuztuaren 21ean bertan asanblea eta elkarretaratzea egin zituzten; hurrengo astean ere elkartu ziren protesta egiteko; joan den asteko ostegunean batzarra eta portuaren atariraino martxa zaratatsua egin zituzten; ostegun honetan ere bildu dira. Salaketa administratiboa jarriko diote Pasaiako Portu Agintaritzari, eta hori babesteko herritarren sinadura bila ari dira. Joan den astean jada 1.000 ziren sinatzaileak, eta litekeena da aste honetarako dezente gehiago izatea salaketari atxikimendua adierazi diotenak. Lantaldeak ere sortzen ari dira uneko beroaldi bat baino, portuaren jardun ez egokien kontrako aldarria iraunkorra izan dadin. Mezu argia dute salaketek, eta egiten ari diren mobilizazioek: «Osasuna behar dugu. Portu zikinik ez». Hilaren 17ko 19:00etan egingo dute hurrengo bilkura.

Joan den astean, hautsa portuko txatar mendixka batean.
Osasuna
Hiru lezoarrek esan dute euren salaketak nahiz mobilizazioak ez direla portuaren egokitasuna zalantzan jartzeko, edo bertan diren langileen kontra egiteko; «portua bai ala ez, hori beste eztabaida bat da». Nahi dutena da portuaren aktibitateak ez dezala kutsadurarik sor, beraz, ez dezala lezoarrengan edo portuaren inguruan bizi direnengan osasun kalterik eragin. «Osasunaz ari garenean, portuko langileen osasunaz ere ari gara. Langile askok ez dute jakingo zer arnasten ari diren ere». Izan ere, sinadura bilketa betean izanik, hainbat herritarrek kezka azaldu dute haien senitartekoren bat portuko langile izan, eta portuaren kontra egitean horien lanpostua arriskuan legokeelako. «Guk ez dugu portua desegin nahi. Ingurumen neurriak har ditzala nahi dugu. Portuaren lan egiteko moduen kontra gaude, gu kutsatzearen kontra».
Diotenez, portuan diren hainbat enpresak ez dute ingurumen alorreko jarduera baimenik, eta aldi berean, deskargak era egokian egiteko portuak ez duela interesik uste dute, horretarako inbertsio ekonomikoa egin behar delako. «Ez daude dirua gastatzeko prest. Dena irabaziak dira. Jaurlaritzak kudeatzen ditu 2022tik portuko ingurumen baimenak. Horrek eskatzen du aktibitate ekonomiko batek dituen gabezien edo kutsaduren gaineko ikerketa egin, eta horren araberako neurriak ezartzea. Hori ez bada egiten aktibitate ekonomiko hori ezin da egin».
Erakundeek gertakarien berri dute; 2018ko sutearen ondoren Eusko Legebiltzarrera joan ziren herritarrak egoeraren berri ematera, «baina beste alde batera begiratzen dute. Portua bera harresi handi bat da, gure kezka, salaketa eta eskaerei ez die kasurik egiten».

Udalak, informazio eta arduradun eske
Imanol Saiz Gomez de Segura
Abuztuaren 21ean portuan izandako sutearen harira, Lezo eta Pasaiako alkateek euren iritzia emateaz gainera, erantzukizunak eskatu dituzte. Besteak beste, sutearen gaineko azalpenak eta erantzunak, eta neurriak eskatu dituzte. Erakunde eskumendunei «gertatutakoa argitzeko» eskatu diete Mikel Arruti eta Teo Alberro Lezoko eta Pasaiako alkateek hurrenez hurren. Sutea izan eta egun gutxira agerraldia egin zuten euren postura ezarri, eta ardurak eskatzeko.
Hasteko eta behin, abuztuaren 21ekoa argitzeko informazioa bilduko dute bi udalek, baina bi erakundeen ustez lanketa horrek ezin du «sutearen jatorria ezagutzera mugatu». Suteak eta ondorioak herritarrengan eta ingurumenean izan duen eragina aztertzeko premiaz aritu dira bi alkateak, «baita larrialdia nola kudeatu zen, zer prebentzio neurri zeuden indarrean eta herritarrei informazioa nola eta noiz helarazi zitzaien ere».
Biek nabarmendu dute gertakari hori ezin dela normaltzat eman. Horregatik, eskumena duten administrazio guztiei gertatutakoaren informazio txostenak eskatu dizkiete: zer geratu zen, zein material zeuden tartean, zein prebentzio neurri zeuden indarrean, nola kudeatu zen larrialdia, eta zein ondorio izan zituen suteak airean, lurzoruan, uretan, eta oro har, ingurumenean.
Abuztuaren 25ean esan zuten oraindik ez zutela inolako informazio teknikorik jaso, eta horregatik haserre azaldu ziren. Gaurko egunez, oraindik ere tantaka ari zaie informazioa heltzen bai udal agintariei, zein herritarrei. Baina Arrutik eta Alberrok berretsi dute dokumentazio eta informazio zehatza eskatuko dietela sutearen gainean, eta portuaren jardunean eskumena duten erakundeei. Hain zuzen, sutearen jatorriari eta inguruabarrei, portuan zeuden materialei, prebentzio eta segurtasun neurriei, aplikatutako larrialdi protokoloei, esku hartzearen kronologiari eta portuaren eta udalen arteko komunikazioei buruzko informazioa eskatuko diete Pasaiako Portu Agintaritzari, eta txatarrarekin lanean aritzen diren enpresei.
Larrialdi mezuak
Horri guztiari lotuta, SOS Deiak-i ere eskaera zehatza egin diote bi alkateek: larrialdiaren kudeaketari, jasotako abisuei, aktibatutako baliabideei, erakundeen arteko koordinazioari eta herritarrei bidalitako SMS alertaren hedapenari buruzko datuak helaraztea nahi dute, sutearen alerta mezua ez zitzaielako inguruan ziren herritar denei iritsi. Eusko Jaurlaritzak ES-Alert sistema erabili zuen abuztuaren 21ean lezoarrei mugikor bidez konfinatzeko gomendioa zabaltzeko, baina halere, bi alkateek aipatu dute «herritarren zati handi batek» ez zuela alertarik jaso. Jaurlaritzako Osasun eta Ingurumen sailei sutearen ingurumen eraginari buruzko dokumentazioa eskatuko diete.
Bi udaletako ingurumen sailak dokumentu tekniko bat prestatzen ari dira. Ikerketa horrekin udalek ez dute soilik gertatutakoa dokumentatu nahi, baizik eta informazio guztia bildu, aztertu eta ondorioak atera prebentzio neurri gehiago lantzeko.
Arruti: «Herritarrak dira suteen kalteak zuzenean pairatu dituztenak, gure eta ingurumenaren ongizatean zuzenean eragiten dute horrelako gertakariek. Ezinbestekoa da egungo protokoloak eta neurriak ezagutzea eta betetzen direla bermatzea, are gehiago kaltegarriak izan daitezkeen toxikoak isurtzen dituen suteak urte gutxian bi aldiz jazo direnean».
Honela amaitu zuen Alberrok hitzartzea: «Sute hau ezin da gertakari isolatu gisa hartu, eta ez dugu nahi gertatutakoa ahaztea ezta azalpen partzialekin geratzea ere. Herritarrek jakin behar dute zer gertatu zen, nola kudeatu zen larrialdia eta zer neurri hartu diren horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen».
