Bilatu
Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Errenteria-Orereta
      • Lezo
      • Oiartzun
      • Pasaia
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  •  Multimedia
    • Argazkiak
    •  Bideoak
  • Podkastak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • ADIMEN ARTIFIZIALA
  • Gidak
    • Bertara Bertatik
    • Plazara Plazatik
  • Nor gara
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Sartu
Politika

Memoria, faxismoari bidea ixteko

Askatasunaren alde kalea hartuko dute bihar. 90 urte beteko dira etzi faxistak herrian sartu zirela, eta gertaera salatu, memoria egin eta indarra hartzen ari den faxismoari galga jarri nahi dio Orereta/Errenteria Herri Ekimenak.

1936-2026 Faxismoaren aurrean Askatasuna, manifestazioaren aurkezpena.Martin Sansinenea
Ikerne Zarate Gartziarena
Errenteria-Orereta
2026/09/11

Derrigor bilakatzen da memoria bizirik mantentzea gertakariak errepikatuko ez direla bermatzeko. Bihar memoriarekin hitzordu garrantzitsua dago, baita eskubideekin, askatasunarekin, antifaxismoarekin, kulturarekin, aniztasunarekin ere. Hilaren 13ak denboraren poderioz orbaindu bai, baina desagertu ez den zauria utzi zion Errenteria-Oreretari, baita Pasaia, Oiartzun eta Lezori ere. Duela 90 urteko egun horretan, faxistak sartu ziren herri horietan, indarrez, eta haiekin batera heldu ziren errepresioa, beldurra eta isiltasuna. Ondoko hamarraldietan zehar, ehunka pertsona jazarri, espetxeratu, erail edo erbestera kondenatu zituen diktadura frankistak, eta erregimenaren sokakoak ez ziren sindikatu, alderdi eta elkarteak legez kanpo utzi. 

Gertakari horien harira, memoria egiten jarraitu eta faxismoaren egungo mehatxuari aurre egiteko manifestaziora deitu du bihar, larunbata, 19:30ean Orereta/Errenteria Herri Ekimenak.

1936ko irailaren 13an errepresio isilago batek ere hasi zuela bidea gaineratu du herritarren iniziatibak, etxeetan eta kontzientzietan txertatu zena: «Euskaraz hitz egitea debekatu, haren erabilera zigortu eta euskal kultura eta identitatea jazarri zituzten. Errepresioak lan behartuak eta eskulan esklaboa ere ekarri zituen, eta askori  euren ondasun pertsonalak konfiskatu eta etxeak kendu zizkieten».

Deialdiaren atzean norbanako ugari; horietako batzuk dira Bernar Lemos, Tina Diaz, Yolanda Martin eta Julen Zabala. Atzera begira jarri dira lauak, eta duela 90 urteko gertaerak faxismoa gaur egun izaten ari den gorakadarekin lotu dituzte. «90 urte beteko dira etzi faxistek herria hartu zutela, hori bada mobilizatzeko arrazoia, baina horrekin batera, faxismoa izaten ari den gorakadak mobilizatzea eskatzen du. Bataila kulturala, ideologikoa, politikoa, eta soziala da faxismoarena eta totalitarismoarena. Faxismoa urraketekin dator, eta guk, berriz, itxaropenaren alde egiten dugu». Hori horrela, mezu argia zabaldu dute lau kideek: «Urraketaren kontra eta  eskubideen defentsan hartuko dugu kalea, memoriak batetik, eta egungo egoerak bestetik, hala eskatzen duelako». Beldurra  elikatzen duten diskurtsoak hazi direla berriro salatu dute, baita publikoa jo mugan jarri dutela ere, «osasungintza eta zaintza pribatizatzearen alde egiten dute, eta guk publikoaren defentsa egiten dugu». 

Horrenbestez, duela 90 urteko okupazioa eta gaur egungo diskurtso faxistei erantzuteko ibilbide sinbolikoa izango du biharko protestak. 

Agirre Lehendakariaren plazatik abiatuko da manifestazioa Iztietako anbulatoriora joateko; han, osasungintza publikoaren aldeko aldarria egingo dute. Handik, berriz, Francisen (Vicente Vadillo Santamaria) omenezko zebrabidera joko dute, eta biribilgunea eginda Nafarroa etorbidetik Gabierrota aldera joko dute; faxistak auzo horretatik sartu ziren udalerrira 1936an, eta manifestazioak kontrako bidea egingo du herriak faxismoari aurre egiten diola adieraziz. Handik Jesusen Bihotza zaharren egoitzara joko dute bildutakoek: «Zaintza publikoa aldarrikatuko dugu, borrokan diren bertako langileei zein egoiliarrei babesa eta elkartasuna adierazi. Gainera, ezin dugu ahaztu bertan diren egoiliarrak frankismoaren edo postfrankismoaren zapalkuntza pairatu zutela».

Manifestazioa abiatu aurretik performancea egingo dute. «Faxistak gu zapaltzera datozela eta herriak aurre egin diela irudikatuko dugu. Horretarako guretzako gako diren zazpi eragiletako ordezkariek hartuko dute parte: erretiratuak, feministak, LGTBIQ+ pertsonak, gazteak, migratzaileak, osasungintza publikoaren eta erresidentzia publikoen mugimenduen aldekoak».

Bukatu, hasitako lekuan egingo dute. Adierazpena irakurriko dute bertan eta azaldu dutenez Bella ciao eta Eusko gudariak, faxismoaren kontrako ikur diren bi kantuekin, bukatuko dute martxa

Antifaxismoak batuta

Herri iniziatiba ez dela ezerezetik sortu azaldu dute, eta nabarmen jarri haren atzean norbanakoak daudela, pertsonak, herritarrak, «askotarikoak, anitzak», eta zerbait komunean dutenak: izaera antifaxista. Iazko otsailera jo dute, hor ernatu zen herri dinamikaren hazia; orduan, Espainiako eskuin muturreko Vox alderdiak Zumardian propaganda postua jartzeko baimena eskatu zuen, eta eman zioten. Faxismoari aurre egiteko beharra sentitu eta deialdia egin zuten, «eragile eta norbanako ugari elkartu ginen, faxismoari galga jartzeko». Manifestazio erraldoia egin zuten Voxekoak heldu bezperan, eta probokazioetan ez erortzeko deia zabaldu herrian. Abiapuntua hori izanik, oraingoan data esanguratsu baten bueltan egituratu dira: «Faxistek herria okupatu zutela 90 urte beteko direnean, eta egungo testuingurua ikusita, mezu argia bidali behar dugula sinistuta gaude: faxistei hortzak erakutsi behar dizkiegu. Beste behin ere argi adierazi behar dugu gurea herri antifaxista dela, harresia eraiki behar da faxismoa gelditzeko». 

Manifestazioarekin bat egitera deitu dute herria. «Garrantzitsua da, memoria parte bat da eta haren transmisioa ezinbestekoa. Gainera, beste modu sotilagoan egiten ari bada ere, faxismoa hedatzen ari da. Ez da gomina, bota militar eta alkandora urdineko faxismoa soilik; adierazpide ezberdinak dituzte faxismoak eta totalitarismoak. Ikusten ari gara egunero zein diskurtso eraikitzen ari diren feminismoaren, LGTBIQ+ kolektiboaren edota migratzaileen kontra; batzuetan oso nabarmena da, beste batzuetan ezkutuagokoa, eta gainera, sektore batzuek bere egiten ari dira, eta oihartzuna ematen».

Europan zein munduan faxismoa hartzen ari den indarraren erakusle batzuk ere jarri dituzte mahai gainean, «kezkagarriak» denak: «Oraintxe bertan Saxonian  (Alemania) edo Ceutan gertatzen ari dena oso kezkatzekoa da. Donald Trump, Javier Milei, Nayib Bukele, Giorgia Meloni, Jose Antonio Kast, Nigel Farage, Viktor Orban nazioartean, eta Espainiako Estatuan eskuin muturra eta muturreko eskuina elkar elikatzen ari dira. Horiek guztiak balioak zalantzan jartzen ari dira». Eta nazioarteko testuinguru horrekin batera aipatu dute «Palestinako genozidioa», lekua egin baitiote faxismoari eta totalitarismoari aurre egiteko mobilizazioan.

Iniziatibaren herri izaerari aipua egin diote berriz ere HITZA-rekin izan diren herritarrek: «Herriak sortutako dinamika da herri ekimena; soilik herriak, bat eginda, egin diezaiokeelako aurre faxismoari. Manifestazioarekin hori erakutsi nahi dugu, denok elkartuta egingo diogula aurre faxismoari». Eskubideen defentsa irmoa egin du taldeak: «Konkistatu ditugun eskubide horiek, gure aurrekoek eta guk borrokatu ditugunak dituzte jomugan faxistek, eta lan munduan ere ikusten ari gara faxismoaren eskutik diskurtso ultraliberala egiten ari direla. Batzuk uste dute betidanik izan ditugula eskubide horiek, baina ez da horrela, borrokatu egin behar izan ditugu. Eskubideen alde egiten dugu guk».

Zisheterofaxismoari aipamena egin dio Zabalak. «Mikel [Martin Conde], Altxu [Santi Vicente] eta Francisen [Vicente Vadillo Santamaria] kontrako erasoen eta hilketaren atzean faxismoa zegoen, eta LGTBIQ+ pertsonen borroka antifaxista izango da beti. LGTBIQ+ baino, transmaribibollo gara; izendapenak oso garrantzitsuak dira guretzat horregatik». Beldur azaldu da, gainera, LGTBIQ+ ekintzailea: «Uste dut agian jendea ez dela konturatzen etor daitekeenarekin, batez ere gazteagoen artean». Egoera ez du berdin ikusten Lemosek, «sare sozialetan gazte askok ematen du bere iritzia eta agerian jarri zein den bere ideologia, eta berdin musika eta antzerkiaren bidez, izaera antifaxista argi erakutsita». Aitortu du egon badagoela diskurtso faxistaren zati bat bere egiten ari den sektore bat, «baina ez da inondik inora ere orokorra gurean».

Manifestazioan parte hartzeko arrazoi ugari jarri dituzte mahai gainean protestaren deitzaileek, baina denaren gainetik ideia bat nabarmendu nahi izan dute: «Historian zehar argi utzi du Errenteria-Oreretak herri antifaxista dela, eta hori adierazi nahi dugu 90 urte geroago, gaur ere beharrezkoa delako, orduan bezala, faxismoari aurre egitea».

 

Hirugarren saiakeran sartu ziren faxistak Errenteria-Oreretan

90 urte beteko dira faxistek Errenteria-Orereta indarrez hartu zutenetik, igandean izango da hori, hilaren 13an. Saiakera bat baino gehiago egin behar izan zituzten, San Markoko gotorlekutik bonbardatu zituztelako errepublikazaleek tropa faxistak, Errenteria-Orereta eta inguruko herriak babesteko. Parrokiako dorrean ere metrailadorea jarri zuten babeserako okupatzaileei aurre egiteko. Lehen erasoan huts egin zuten faxistek. Abuztuaren 28an Agustinak auzoa hartu, baina hurrengo egunean atzera egin behar izan zuten, Oiartzunera. 410 faxista aritu ziren herria hartu nahian. 1936ko irailaren 13an sartu ziren udalerrira: iritsi zirenerako, populazioaren erdia baino gehiago alde egina zen. Garaiko erroldan 9.379 biztanle zituen herriak, eta faxistak sartu zirenean, 4.500 topatu zituzten.

Denera 274 errenteriar epaitu zituzten gerra kontseilu frankistetan; 20 heriotza zigor ezarri zituzten eta zortzi gauzatu. Gainera, gerran judizioz kanpo 29 pertsona fusilatu zituzten. Espedientea zabaldu zieten frankistek 22 udal langileri, eta denera, 35 kaleratu; 154 haur atzerrian errefuxiatu eta euren familietatik bereizi zituzten, kasu batzuetan urte luzez.

Ehunka preso izan zituzten baldintza eskas eta penagarrietan langile batailoietan. Datuok Aranzadi elkarteak bildutakoak dira.

Argazkia, Kutxateka-rena da.

90 urte geroago diskurtso faxistak zabaltzen ari dira han-hemenka. Udalerriak argi utzi du bere izaera antifaxista behin eta berriro. Azken aldiz, joan den urteko otsailaren 22an; Vox Espainiako alderdi ultra eskuindarrak informazio karpa jarri zuen Zumardian. Apenas du jarraipenik udalerrian Voxek, eta horren erakusle 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak dira; erabat marjinala da ultraeskuineko alderdiak udalerrian duen boto kopurua , 278 jaso zituen— botoen %1,63—.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

Zerbitzu Gida

 

 

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

Gipuzkoa

Euskal Herria, Gipuzkoa

EH Bilduk Nerea Kortajarena proposatu du Donostiako alkategai izateko

Gipuzkoa, Kultura

157 ekintza antolatuko dituzte Gipuzkoan, arriskuan dagoen ondareari begira

Donostia Eskuzaitzetako industria parkearekin lotzeko autobus linea abiaraziko dute

Elgeako mendilerroan piztu den sutea kontrolpean dago jada

Gaur hasi dituzte Azpeitiko Corrugados lantegia eraisteko lanak

Euskal Herria, Gipuzkoa

Alokairu kontratua amaituta etxetik egotzi nahi dituzten hamahiru familiaren egoeraz ohartarazi du Kaleratzeak Stop plataformak

Euskal Herria, Gipuzkoa

Tabuak kutxatik aterata, giro ederrean ospatu dute Inurri Eguna Usurbilen

Kultura, Gipuzkoa

Nazioarteko artistak eta euskal musikariak izango dira Boga Boga jaialdian

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Nafarroa etorbidea 26, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.