Askatasunaren alde hartu dute kalea
Dozenaka lagunek egin dute bat Orereta/Errenteria Herri Ekimenak deituta, faxismoa, frankismoa eta totalitarismoen kontra.
manifestazioa faxismoa, frankismoa eta totalitarismoaren kontra. Kalera atera dira dozenaka lagun faxismoak, frankismoak eta totalitarismoak lekurik ez dutela ozen esatera. Orereta/Errenteria Herri Ekimenak deitu du manifestaziora tropa faxistek herria indarrez okupatu zuela 90 urte beteko direnean; bihar izango da urteurren lazgarri hori. Ozen esan dute berriro, Errenteria-Orereta antifaxista dela, duela 90 urte, eta gaur egun ere.
1936ko irailaren 13a data sinbolikoa dela jarri dute nabarmen, “faxistek manu militari hartu zutelako Errenteria-Orereta. Indarkeria, errepresio eta autoritarismo hura gogoratuz eta haren aurrean, jendarte askeago, justuago, berdinago, eta solidarioago bat aldarrikatuko dugu”. Hamaika aldarrikapen defendatu ditu gaurko manifestazioak: Euskara eta zerbitzu publiko duinak; esplotaziorik eta prekarietaterik gabeko gizartea; gazteentzako aukera gehiago; militarismoa eta Palestinako genozidioaren bukaera; feminismoa eta sexu askatasuna; gizarte laiko, berdinzale eta solidarioa; eta aniztasuna, berdintasuna, klimaren aldaketaren kontrako borroka, edo migratzaileen eskubideak urratzen dituztenen kontrako gaitzespena, “finean, balio errepublikazaleak eta euskal herritarren eskubide guztiak defendatzen dugu helburu, baita etorkizuna aukeratu ahal izatea. Horiek guztiak gizarte aske eta demokratiko baten defentsaren parte direlako”.
Performancearekin hasi dute manifestazioa, eta hura 20:00ak aldera abiatu da Agirre Lehendakariaren plazatik. Bidea, data bera bezalaxe sinbolikoa: anbulatorio aurretik pasa da osasun sistema publiko duina galdegiteko, Francisen (Vicente Vadillo Santamaria) omenezko zebrabidearen paretik igaro da martxa haren oroitzapenarekin “frankismoaren atzaparkada sufritu duten pertsona guztiak oroitzeko”, edota Gabierrotako pasealekutik Jesusen Bihotza adinekoen egoitza aurretik borrokan diren zaintzaileei, senideei eta egoiliarrei elkartasuna adierazi eta zaintza publiko duin eta kalitatezkoa aldarrikatzeko.
Ibilbidearen karga sinbolikoa gutzia bildu dute gainera, 1936ko irailaren 13an Beorlegi koronelak gidatutako tropa faxistek egin zuten bidea deseginez, “errepresio eta faxismo legatuaren kontrako adierazpen gisa”.
Hasitako plaza berean bukatu dute protesta bederatziak jota, adierazpena irakurri dute bi lagunek eta Eusko Gudariak eta Bella Ciao abesti antifaxistak kantatuta bukatu dute protesta txalo artean eta kontsigna garbiarekin, “faxismoaren aurrean, askatasuna!”.
