Baserritar eguna, santakrutzen iragarle
Bihar, igandea, piztuko dute Lezoko urteko bigarren jaiei hasiera emango dien txupina, 19:00etan; jaien iragarle izan da gaur Baserritarren eguna. Josetxo Etxandi pilotalekuan egin duten ganadu feriarekin esnatu da herria.
Bi behi gaurko ganadu azokan. Santakrutzak hasteko txupina bihar 19:00etan piztuko dute Lezoko alkate txikiek. Ofizialki udalerriko bigarren jaiak bihar hasiko dituzte lezoarrek, baina gaur Baserritarren Eguna ospatzen ari dira. Goizean goiz esnatu dira ganadu feria Josetxo Etxandi pilotalekuan baitzuten 09:30etan hasita. Hogeita zazpi hazienda bertan: ahuntz, ardi, behor, behi, idi eta nekazal lanetan lagungarri dituzten erremintetako batzuk eta traktorea ere ikusgai frontoian.
Olatzar, Darieta eta Sagar Zuloko behi pirinaikak, Txartiku baserriko Limusinak, eta Darieta eta Olatzarreko idi gazteak azokaren protagonista. Idiazabalgo gazta, eta Gaintxurizketakoa uzo elkarteak jarritako kantina ere ez dira falta. Goiz goizetik hasi dira herritarrak gerturatzen. ez da eguneko ekitaldi bakarra izango. Txupina bihar piztuko dute eta izango da zer gozatu bihar ere, baita jaien egun handian, astelehenean, irailaren 14a berezi-berezia izango da aurten ere. Hortik aurrera etena jai egitarauan, eta ostegunetik igandera berriro eitarau zabala santakrutzez gozatzeko. Gaurko eta biharko egitaraua beheko koadroan kontsulta daiteke.
Txupinazoa bihar, irailaren 13a, eta egun hori, zoritxarreko egun baten 90. urteurrena. 1936ko irailaren 13an tropa faxistek indarrez hartu baitzuten Lezo, baita Errenteria-Orereta eta Pasaia ere. Jaietako agurrean, ezinbestean, aipamena egin dio Mikel Arruti alkateak efemerideari: “Santakrutz haiek herritarren memorian iltzatuta gelditu ziren. Jai egun handiak izan behar zutenak, heriotza, izua eta okupazio militarra ekarri baitzituzten faxistek Lezora”. Aste batzuk lehenago, uztailaren 27an, Etxetxo baserriko Maria Oiartzabal eta bere hiru seme, Domingo, Enrike, eta Sebastian erail zituzten erreketeek eta horiei ere aipamena, alkateak.
Belaunaldiz belaunaldi egindako transmisioaren garrantziari azpimarra Arrutik jaien atarian herritarrei zuzendutako agurrean, “herri memoria horri esker ezagutzen dugu nondik gatozen eta nolako ibilbidea egin duen Lezok. aurreko belaunaldien borrokek, ahaleginek eta bizipenek ere lagundu digute gaur garen herria eraikitzen”.
Memoria eta ondarea zaindu, aitortu eta belaunaldi berriei helaraztea guztien ardura dela gaineratu du: “Gure historia ezagutuz, etorkizuna eraikitzen dugu. Gure memoria zainduz, gure herria zaintzen dugu”. Hori horrela, herriaren historia ahaztu gabe, gaur egungo Lezo goraipatuz, eta etorkizuneko Lezo eraikiz ospatzera deitu ditu herritarrak, “Santakrutz jai askeak, parekideak eta euskaldunak nahi ditugu; guztiontzat diren jaiak”.
Gaur eta iharko egitaraua
Gaur, larunbata
• 09:00. Plater tiraketa Arkalen.
• 09:30. Ganadu feria Josetxo Etxandi pilotalekuan.
• 12:00 eta 18:00. Idi-dema probalekuan.
• 13:00. Paella lehiaketa Jauregialden.
• 14:00. Bertso bazkariak Ixkulinen (Oihana Arana eta Aner Peritz) eta Tiñelun (Haizea Arana eta Maddi Aiestaran).
• 16:00. Mus txapelketa Karlos Saldisen.
• 21:30. Afari autogestionarua Karlos Saldisen. Segidan, playback lehiaketa Karlos Saldisen.
Bihar, igandea
• 12:00. Stage For Dialogue proiektuaren aurkezpena Goiko Plazan.
• 17:00. Umeentzako ginkana Stage For Dialogue proiektuko kideen eskutik Goiko Plazan
• 19:00. Jaien hasierako pregoia, txupinazoa eta dantzarien Agurra, eta Lezo herria ereserkia Gurutze Santuaren plazan. Segidan, karropoteoa.
• 19:30. Gurutze Santuaren bezperak Santo Kristo elizan.
• 22:45. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteen danborradek bidea hasiko dute
• 23:45. Danborraden topaketa Gurutze Santuaren plazan.
• 01:30. 3haiZra DJa, Karlos Saldisen.
