Elizalde herri ikastetxeko patioa eta kanpo eremua aldatzeko lanetan, aurrera
Ikastetxeko harmailak eta eskola eremuaren inguruko zuhaitz flota berritzen ari da Oiartzungo Udala. Legegintzaldiaren hasieratik martxan da eraldaketa proiektua.
Elizalde ikastetxeko harmailak eta eskola eremuaren inguruko zuhaitz flota berritzen ari da Oiartzungo Udala. Legegintzaldiaren hasieratik martxan da Elizalde herri ikastetxeko patioa eta kanpo eremua eraldatzeko proiektua, eta kontatu dute ikasleen beharrak aintzat hartuz jolastokia erabilera anitzekoa, inklusiboa eta hezigarria izatea dutela helburu. Egitasmoa eskolako komunitateak ondu zuen, udalari aurkeztu zion, eta elkarlanean ari dira 2023az geroztik.
Udaletik kontatu dutenez, zatika ari dira exekutatzen proiektua, eta orain azken fasera heldu dira, harmailak eraberritzera, alegia. Gehitu dute helburua harmailak “atseginagoak izatea” eta “erabilera anitzeko eremu bihurtzea” dela, eta horretarako altuera txikitu eta inguruko naturagune eta jolas eremuekin integratuko direla.
Lan horiek urtearen bukaerarako amaitzea aurreikusi dute, eta 390.000 euroko aurrekontua dute.
Azken fasean murgilduta
Orain laugarren fasera iritsi dira, baina horra heldu aurretik kantxak txikitu eta naturaguneak handitu zituzten. Kirol gunea berrantolatu eta margotu zuten gero, eta segidan HHko naturagunea sortu.
2023ko udazkenean hasi ziren lanekin, eta 2026an amaituko dute ia 600.000 euroko inbertsioa eginda. Joana Mendiburu Garaiar, Oiartzungo alkatea: “Elkarlanari esker, ikastetxearen kanpoaldeko espazioa eskolako proiektu pedagogikoaren parte bilakatu da, eta bertako zein herriko haur guztiei euren txokoa eskaintzen die jolastokiak”.
Aipatutako esku hartzeez gain, Elizalde eskolaren bueltako zuhaitzak ere berritzen ari da udala. Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak azaldu du 2026ko urtarrilean egindako azterketan ondorioztatu zela ihartuta, gaixo edo okertuta zeuden 30 zuhaitz aldatu behar zirela.
Lekuona: “Udaberrian 26 jarri ziren eta azken lauak Eguberriko oporraldian ezarriko dira, besteak beste, zuhaitz zaharren motzondoa kentzeko hondeamakinak behar direlako eta lan horiek harmailetako esku hartzearen ondoren egitea egoki baloratu delako. Gainera, zuhaitzak aldatzeko garai egokiak dira neguko hilabete hotzak”.
Eskola eremuaren inguruko zuhaitz flota berritzeko 10.700 euroko inbertsioa egingo du udalak.
Teilatua eta fatxada berritzeko hitzarmena, heltzear
Elizalde herri eskolaren eraikinaren teilatua eta fatxada berritzeko markoa adostu zuen udalak Hezkuntza Sailarekin pasa den ikasturtearen amaieran, eta datozen hilabeteetan bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzea aurreikusten da. “Hala eginez gero, Oiartzungo Udalak proiektua idazteko konpromisoa hartuko du, horretarako 150.000 euroko partida gordez 2027ko aurrekontuan”, diote.
Elizalde herri ikastetxearen eraikinaren teilatua eta fatxada berritzeko lanek orain urtebete udalak Europako LIFE diru laguntzetara aurkeztutako proiektua dute oinarri; hori eskola komunitateak eta udalak elkarlanean idatzi zuten.
