Batzar Nagusiek porturako sarbide zuzenak aztertuko dituzte
Teo Alberro alkateak baikor baloratu du erabakia, eta adierazi du portuak ezin duela jarraitu herritarren mugikortasuna eta bizi kalitatea baldintzatzen.
Teo Alberro Pasaiako alkateak “oso positiboki” baloratu du Gipuzkoako Batzar Nagusiek ahoz batez onartutako ebazpena, Pasaiako portua gaitasun handiko errepideekin zuzenean lotzeko alternatibak aztertzea eskatzeko. Akordioak EH Bilduk aurkeztutako proiektu batean du oinarria, eta lau hilabeteko epea ematen dio aldundiari, 2011n egindako proiektua eguneratu eta portuko trafiko astuna Pasaia eta Lezoko hiriguneetatik bideratu beharrik ez izateko aukerak azter ditzan.
Alberro: “Akordio hau urrats garrantzitsua da, urteetan zehar Pasaiako Udalak eta herritarrek planteatu dugun arazo bati erantzuteko bidea irekitzen duelako”. Udalak adierazi du urteak daramatzatela portuaren jarduerak sortzen duen trafikoaren eta herritarren eguneroko mugikortasunaren arteko oreka aldarrikatzen.
“Pasaiako portuak sarbide egokiak eta lehiakorrak behar ditu, baina sarbide horiek ezin dira gure auzoen bizkar egin. Portuaren jarduerak eta herritarren bizi kalitateak bateragarriak izan behar dute”, baietsi du alkateak.
La Herrerako itxitura
Alkateak azken hilabeteetan La Herrerako errepideetako sarbideetan eta portuko garitan egindako lekualdaketek izan duten eraginean jarri du arreta. Portuko sarbideen berrantolaketa berriaren ondorioz, La Herrerako eremuaren zati bat kontrolatutako portu esparruaren barruan geratu dela zehaztu du udalak, eta kokapena ere aldatu egin da.
Aldaketa horiek herritarrek eguneroko joan-etorrietarako erabiltzen zuten bide baten aukera ezabatu dutela zehaztu du udal erakundeak, eta horrek eragin berezia izan duela Trintxerpeko eta San Pedroko bizilagunen egunerokoan. Udalak 2024an egindako azterketa batean ohartarazi zuen La Herrerako bidea galtzeak herritarren mugikortasunean izango zuen eraginaz, eta Euskadi etorbideari alternatibak eskaintzako beharraz.
“La Herrerako sarbidearen aldaketak erakutsi digu ezin dela portu trafikoaren antolamendua portuaren barruko aldaketa soila balitz bezala planteatu. Erabaki horiek eragin zuzena dute gure kaleetan, gure auzoetan eta, batez ere, Trintxerpe eta San Pedroko bizilagunen egunerokoan”, adierazi du Alberrok.
Bide horretan, alkateak gogorarazi du Euskadi etorbideak eta Gomistegiko inguruneak gero eta trafiko presio handiagoa jasaten dutela, eta egoera horri ezin zaiola behin betiko erantzun herritarren mugikortasuna gehiago baldintzatuz.
Ikuspegi zabalagoa
Alkatearen arabera, Batzar Nagusietan lortutako akordioak aukera ematen du eztabaida ikuspegi zabalago batetik lantzeko: “Ez da soilik porturako sarbide bat bilatzea, baizik eta portuaren eta inguruko udalerrien arteko harremana berrantolatzea”.
“Ez ditugu portuaren jarduera eta herritarren beharrak elkarren aurka jarri nahi. Pasaiako portua modernoa eta dinamikoa izatea nahi dugu, baina, era berean, eta batez ere, Pasaia bizigarria, konektatua eta segurua izatea nahi dugu”, baietsi du Alberrok.
Hori dela eta, alkateak aldundiari eskatu dio konpromisoa epe barruan bete dezala eta, 2011ko proiektua eguneratzeaz gain, kontuan har ditzala egungo egoera eta azken hilabeteetan portuaren sarbideetan egindako aldaketek sortu dituzten behar berriak: “Hamabost urte igaro dira lehen proiektu hartatik, eta bitartean gure herria eta portuaren beharrak aldatu egin dira. Orain aukera dugu etorkizuneko irtenbide bat pentsatzeko, eta ezin dugu aukera hori galdu”.
“Pasaitarrok urteak daramatzagu arazo honen ondorioak pairatzen. Orain, erakunde guztiok dagokigun erantzukizuna hartu behar dugu eta konponbide bat bilatu. Portuak bere sarbidea izan behar du; herriak, bere espazio eta bere mugikortasuna”, bukatu du Alberrok.
