Aurrekontuak desegoki kudeatzea egotzi dio Lezoko EAJk gobernu taldeari
2025eko udal aurrekontuaren araberako inbertsioen exekuzioa %52,56koa izan zela deitoratu du alderdi jeltzaleak.
Ion Pombar, Laura Martinez eta Alaitz de la Maza EAJko zinegotziak.Lezoko EAJ Lezoko EAJk uste du herria “blokeatuta eta geldirik” dagoela, aurrekontutan jasotako inbertsioen “zati handi bat” ez duelako gauzatu udal gobernu taldeak. Hori esateko 2025eko datuak izan ditu oinarrian alderdi jeltzaleak. Iazko udal aurrekontuan inbertsioetarako aurreikusiak ziren 2.497.619 euroetatik, udal gobernuak 1.312.845 aitortu zituela zehaztu du, hortaz, exekuzio maila %52,56koa izan zela. “Lezok aurrera egiteko baliabideak baditu. Falta dena da aurrekontuetan jasotakoa udalerriaren benetako hobekuntza bihurtzeko gaitasuna”, esan du Laura Martinez zinegotziak: “Lezok ez du EH Bilduk aurrekontu gehiago egitea behar. Hobeto kudeatzea behar du. Gobernatzea ez da eskuragarri duzun diru kopurua iragartzea; gobernatzea da diru hori obra, zerbitzu eta herritarrek ikusi eta erabil ditzaketen hobekuntza bihurtzea”.
Exekuzio maila “baxu” horrek lezoarren egunerokoan eragina duela azaldu dute jeltzaleek, “Lezo hobetzeko diruaz ari gara, urtea amaitzean erabili gabe geratzen den diruaz. Horren ondorioa da aurrera egiten ez duen udalerri bat dela Lezo”.
2025eko aurrekontuaren inbertsioen exekuzio mailaren xehetasunak eman ditu Lezoko EAJk atalka, prentsara bidalitako prentsa oharrean. Hala, adierazi du besteak beste azpiegituretan eta urbanizazioan iazko aurrekontuan jasotako 268.900 euroetatik %24 erabili zirela; hiri-altzariak berritzeko jasota zeuden 37.000etatik euro bat ere ez zela erabili; edo “azterketak eta proiektuak” atalaren exekuzioa %16koa izan zela. “Proiektuak prestatzeko baliabideak ere gauzatzen ez badira, ondoren obrak ezin dira aurrera eraman. Horixe da Lezo harrapatuta duen dinamika: atzerapenek beste atzerapen batzuk sortzen dituzte, eta proiektuak ekitaldi batetik bestera igarotzen dira, udalerriak itxaroten jarraitzen duen bitartean”, ohartarazi du bozeramaile jeltzaleak.
“Lezok badu dirua”
EAJko kideen arabera udalak baditu baliabide ekonomikoak, “Lezok badu dirua”, Martinezek. Hala, iaz hasiera batez onartu zen aurrekontua 10,58 milioi eurokoa izan zela adierazi du, eta urte bukaeran 13,37raino igo zela. “Hor dago kontraesana. EH Bilduk aurrekontua handitzen du, baliabideak gehitzen ditu eta jarduerak iragartzen ditu, baina ondoren asko ez dira gauzatzen. Lezok gaitasun ekonomikoa badu, baina politikoki blokeatuta dago, kudeatzeko eta gauzatzeko zailtasun gehiegi dituen gobernu baten ondorioz”, salatu du bozeramaileak.
Hala , “iragarpen gutxiago” eta “plangintza errealista” eskatu dizkio EAJk EH Bilduren udal gobernuari, egutegi zehatzekin, helburu neurgarriekin, “eta proiektuen betetze maila ezagutzeko aukera emango duen kudeaketa batekin”
Udal dokumentazioko iturriak ere aipatu ditu EAJk haren argudioak indartzeko. Azaldu du udal dokumentazio ekonomikoetan, aurrekontuaren funtzionamendua aztertzen den atalean, hura “desegokia eta ez eraginkorra” dela, eta 2026an hori zuzentzeko beharra dagoela. “Ez du EAJk esaten. Udalaren dokumentazio propioak aitortzen du. Horregatik, EH Bilduk aitzakiak alde batera utzi eta kudeaketa arazo larri bati aurre egin beharko lioke”, nabarmendu du Martinezek.
