Parketarrak-ek Pasaiako parkeak hartuko ditu berriro
Egitasmoa 3 eta 5 urte arteko haurrak dituzten familiei begirakoa da, eta helburua da kalean eta parkeetan euskaraz jolasteko eta harremanak euskaraz egiteko aukerak eskaintzea.
Bueltan da Pasaiako Udalak eta Heztenek antolatzen duten Parketarrak egitasmoaren edizio berria. Iniziatibaren helburua da 3 eta 5 urte arteko haurrei eta haien familiei kalean eta parkeetan euskaraz jolasteko eta harremanak euskaraz egiteko aukerak eskaintzea.
Parketarrak-en bidez, haurrek euskaraz jolasteko baliabide eta tresnak ezagutuko dituztela jakinarazi du udalak, Hezteneko jolas dinamizatzaileen laguntzarekin. “Horrela, jolasa eta aisialdia euskararen erabilerarekin lotu nahi dira, ohiko harreman eta jolasguneetan, hau da, kalean eta parkeetan”.
Saioetan parte hartzeko, haurrak guraso edo beste heldu batekin egon beharko dira, Parketaarrak-en oinarria baita familiek elkarrekin jolastea. “Helburua ez da haurrek bakarrik jolastea, baizik eta familiek euskarazko jolasak ezagutu eta etxean zein kalean erabiltzeko baliabideak sustatzea”.
Ohi bezala, Parketarrak-en saioak lau barrutietan egingo dira. Egitasmoa hilaren 21ean (astelehena) hasi eta urriaren 19an bukatuko da. Honakoa da egutegia:
- Donibane: Hilaren 21ean eta 28an eta urriaren 5ean eta 19an, 17:00etan, JJ Otaegi plazan. Euriarekin frontoian egingo dira saioak.
- Antxo: Hilaren 22an eta 29an eta urriaren 6an eta 13an, 17:30ean, Gure Zumardian. Euriarekin Ibaiondo frontoian egingo dira saioak.
- San Pedro: Hilaren 23an eta 30ean eta urriaren 7an eta 14an, 17:30ean, frontoian. Euriarekin Proisako aterpean egingo dira saioak.
- Trintxerpe: Hilaren 24an eta urriaren 1ean, 17:15ean, Gudari plazan; eta urriaren 8an eta 15ean, 17:15ean, Andonaegiko pistetan. Euriarekin lehen bi saioak Serafin Esnaolako arkupeetan egingo dira saioak, eta azken biak, frontoian.
Parketarrak 3 eta 5 urte arteko haurrak dituzten familiei begirako egitasmoa da, eta jarduerak doakoak dira. Udalak eta Heztenek herritarrek animatu dituzte saioetan parte hartzera eta euskaraz jolasteko eta elkarrekin gozatzeko espazioak bilatzera.
