«Apapachok arima laztantzea esan nahi du, barrura sartzea»
Nortasuna, maitasuna, elkarrekiko errespetua eta ezezagunarekiko begirada lantzen du 'Begiradak' proiektuak. 'Apapacho' aurten Espadasek eta Maritxalarrek sortutako lana arimari eta aniztasunari besarkada da.
Veronica Espadas Gomez eta Ibai Maritxalar Urkia sortzaileak. Atlantikaldiaren barruko Begiradak proiektuko aurtengo protagonistak dira Veronica Espadas Gomez eta Ibai Maritxalar Urkia. Mexiko eta Euskal Herria fusionatuta sortu dute Apapacho, kulturen eta pertsonen arteko elkarrizketak bultzatu eta kulturaren bidez zubiak eraikitzeko. Zumardian ikus daiteke, Atlantikaldiak iraun bitartean, bi sortzaileen lanaren emaitza eta prozesua.
Mexiko eta Euskal Herria. Nolakoa da fusio artistikoaren emaitza?
Veronica Espadas: Niretzako gogorra izan da arlo guztietan fusioa egitea. Ez soilik artean. Beste begirada bat dugu, beste herri bat, beste kontinente bat, beste familia bat… Bertakoen artean desberdintasunak badituzue, gurekiko are gehiago. Ez zen erraza izan, baina aldi berean polita izan da, hasteko, irekitzeko, nire ideietan ez ixteko balio izan didalako.
Ibai Maritxalar: Hasierako kontraste horretatik abiatzea, hori izan zen hain zuzen ere erakargarriena niretzako, gure ezberdintasuna, distantzia erreferentzia eta zentzu guztietan. Hortik aurrera prozesu luze bat izan da. Elkar ezagutza pertsonala bata, eta bestea, gure kulturena eta gure sustraiena; horiek uste duguna baino askoz ere gehiago baldintzatzen gaituzte. Nire kasuan, uste dut nire barrua zurrunagoa zela, eta bidean bigundu egin zaidala; begirada, kolorea, argia ekarri dizkit fusioak.
Zer dago Apapacho-ren atzean?
Espadas: Aproposa iruditu zitzaigun izena proiektuarentzat. Maite duzun jendearekin asko erabiltzen da Mexikon, ez da besarkada arrunta, arima laztantzea esan nahi du, barrura sartzea, maitasuna erakustea da. Nik uste dut guk biok daukaguna hori dela. Horretaz gain, Nahuatl hizkuntzako papatzoa hitzetik dator, hatzekin biguntzea esan nahi du, eta nik uste dut elkarrekin bikote zein artista gisa elkar bigundu behar izan dugula. Nire kasuan, nire burua eta bertako jendea ere. Nire begirada bertakoen begiradaren ezberdina da, eta nire aurreiritzi, uste eta zuenak ere, biguntzea tokatu zait.
Maritxalar: Hitz egokia iruditu zitzaigun esanahi horiengatik, baina ez gara soilik gutaz ari, munduan eta historian etengabe gertatu den zerbait da, elkar egokitze bat ezezagunarekin edo hain hurbilekoa ez denarekin. Egoki iruditu zitzaigun sorkuntza artistiko gisa eta mezu bezala ere.
Lehen aldia da elkarrekin sortzen duzuela?
Maritxalar: Elkar lagundu eta elkarren lana osatu egin izan dugu askotan, baina lehen aldia dugu elkarrekin sortzen. Izan da, nolabait, artistikoki ere elkar ezagutzen jarraitzea. Oso esperientzia ona izan da.
Atzo aurkeztu zenuten sorkuntza, baina Zumardian izango da Atlantikaldia bitartean, prozesua bildu duen bideoa eta argazkiekin batera. Zer aurkituko du bertaratzen denak?
Espadas: Zeramika, buztina, oso egokia iruditu zaigu islatu nahi genuen biguntze hori erakusteko. Gainera, diziplina hori komuna dugu, biok egiten dugu, eta asko gustatzen zaigu. Bion arteko topagunea ere izan da, hortaz. Hutsetik sortutako zerbait da. Zeramikak, gainera, gu ordezkatzen gaitu bi elementuren bidez eta oso modu egokian nire ustez, ura eta lurra.
Maritxalar: Mexikon egindako lana da, apapatzoa bat, eta Mexikon egin dugu, besteak beste, proposamena hara uda pasatzera joan baino egun gutxi lehenago egin zigutelako. Zer hobeto bertan egitea baino. Gainera, Mexikon ezagutu genuen elkar. Dantza egin dugu elkarrekin baina buztina baliatuz, eta hori grabatu egin dugu, zeramika lan bat sortuz eta hori bideoan eta argazkietan ikus daiteke. Atzo erakutsi genuen Zumardian, performance txiki batekin batera. Buztina oso egokia izan da hain abstraktua den zerbait, hitzekin adierazten hain zaila dena adierazteko. Jendea bultzatu nahi izan dugu hausnartzera, kulturartekotasunaz, ezezagunarekin dugun harremanaz, dauzkagun aurreiritziez.
Zer ematen dio kulturartekotasunak sorkuntzari?
Espadas: Gauza asko: aurreiritziak kendu begirada zabaltzen, baita bihotza ere. Modu ezberdin askotan lan egin daitekeela ere ikusten da; gure modua ez baita bakarra, ez dago formula bakarra, eta kulturartekotasunak modu horiek guztiak elkarren ondoan jartzea dakar. Hori denean gertatzen da, ez soilik artearekin Ibai [Maritxalar] eta nire artean gauza sinpleenekin ikus daiteke egiteko modu ezberdina. Ontziak garbitzerakoan nik beti ixten dut iturria, eta berak beti irekia izaten zuen, hor atzean dagoena da zuek ez duzuela ur faltarik, eta gure herrian ez dago hainbeste ur; txikitatik beste kontzientzia bat dugu horrekin. Ez da hobeagoa edo okerragoa, ezberdina baizik.
Kulturartekotasunak aukera berriak jartzen dizkigu eskura, inor epaitu gabe. Egunero landu behar da; aniztasuna berdintasuna da, eta berdintasunik ez bada ez da aniztasunik; aniztasunaren aldeko aldarrikapenak egunerokoa izan behar du, kulturartekotasunarena.
Maritxalar: Bizitzarako eta arte sorkuntzarako izugarrizko baliabide eta tresna da aniztasun hori. Historian zehar elkarri eragin diogu kultura ezberdinek.
Zer falta du sorkuntzak; nahikoa aitortuta zaudetela iruditzen zaizue?
Maritxalar: Betiko erantzuna: baliabideak, eta noski, aurrekontua. Denbora eskaini nahi badiogu eta kalitatezko lan bat sortu nahi badugu horrek dirua eskatzen du, beste arloek bezala. Arteak eta sorkuntzak elkarrizketa bat sortzen dute eta horrek badu gerora itzultze bat: zer ginateke musikarik gabe, dantzarik gabe, zinema eta antzerkirik gabe, arkitekturarik gabe… Hain oinarrizkoa iruditzen zait, eta hain gutxi baloratzen da oraindik ere; etekin monetarioak ematen ez dituenez, ez da inbertitzen. Esparru politikoan landu beharrekoa da kultura eta haren sustapena.
Zer eramango du publikoak zuen sorkuntzatik?
Espadas: Espero dut begirada zabaltzea eta sentitu dezatela haiei eman nahi diegun gure apapatzoa.
Maritxalar: Guretzako zerbait oso pertsonala da, oso intimoa, azkenean biluzte bat ere bada, baina gero gure mezua unibertsala da. Uste dut gure sorkuntzaren bidez bidali dugun mezua jendeak sentitu eta ulertuko duela, beti modu baikor eta eraikitzaile batetik, aniztasuna eta kulturartekotasuna ulertzeko beste modurik ez baitago. Oinarrian hori dago.
