EAJk ere portuak zuzeneko lotura izatea bultzatu du
Loreto Osa udal bozeramaileak eta Felix Urkola diputatuak lan bilera egin dute, eta aldundiak konpromisoa hartu du lau hilabeteko epean alternatiben azterketa egiteko.
Pasaiako EAJren bozeramaile Loreto Osak eta Bide Azpiegituretako diputatu Felix Urkolak lan bilera egin dute Pasaiako portuaren eta GI-20aren arteko lotura beharrei zuzenean heltzeko. Aldarrikapenetatik konpromiso zehatzetara igarotzea lortu dela jakinarazi du alderdi jeltzaleak: “Gipuzkoako Foru Aldundiak, gehienez ere lau hilabeteko epean, alternatiben azterketa egingo du, 2011ko proiektua abiapuntutzat hartuta eta Pasaiaren egungo errealitatera egokituta. Jarduketa estrategiko da, trafiko astuna hiri inguruneetatik ateratzeko, mugikortasuna hobetzeko eta denbora gehiegi konpondu gabe daraman aldarrikapen bati erantzuteko”.
Osak balioan jarri ditu elkarlan horren eta Bide Azpiegituretako departamentuarekin izandako hartu-emanen emaitzak: “Gure lana Pasaiaren beharrak erabakiak hartzen diren tokietara eramatea eta erantzunak lortzea da. Hilabeteak daramatzagu gai hau Urkolarekin zuzenean lantzen, eta gaur konpromiso zehatza lortu dugu, epe zehatz batekin. Horixe da lan egitearen, tematzearen eta Pasaia aurrera eramateko beharrezko solaskidetza gaitasuna izatearen emaitza”.
Eta jarraitu du: “Gaur ez gara kaxoi batean gordeta zegoen proiektu bat berreskuratzeaz ari. Proiektua abian jarri ahal izateko eguneratze errealista eta bideragarri bat egiteaz ari gara. Badago agindu politiko bat, lau hilabeteko epea eta Pasaiak behar duen irtenbidea aurkitzeko lan egingo duen aldundia. Gauza bat da iragarpenak egitea, eta beste bat gauzak gertatu daitezen lortzea. EAJ bigarrenerako dago. Lan egin dugu proposamen politiko bat aldundiaren jarduketa konpromiso zehatz bat bihurtzeko”.
EAJren helburua argia da: portuaren eta GI-20aren arteko zuzeneko lotura lortzea, gaur egungo Gomistegiko biribilguneraino iristen den trafiko astuna murrizteko, eremu horretan kamioiek espazioa partekatzen baitute Pasaiako eta Donostiako eguneroko trafikoarekin, autobusekin eta Trintxerpe eta Bidebietarako sarbideekin.
“Pasaitarrok behar dugu 2026an erakundeek erabakiak hartzea eta martxan jardutea. Horixe ari gara egiten EAJtik: jarduketa estrategiko bat desblokeatu eta erakundeak lanean jarri, egitasmo hori gauzatu ahal izateko”, adierazi du udal bozeramaileak.
Egungo errealitatera egokituta
Alderdi jeltzalearen arabera, “ez luke zentzurik izango” duela hamabost urte diseinatutako irtenbide bat bere horretan berreskuratzera mugatzeak. Ordutik, Herrera, Trintxerpe eta portu ingurunea sakon aldatu direla adierazi du EAJk. “Horregatik, onartutako akordioak 2011ko proiektua hartzen du abiapuntutzat, baina egungo errealitateari hobekien erantzuten dioten alternatibak aztertzea behartzen du”.
Horrez gain, iniziatiba hori EAJk Pasaiarako defendatzen duen udalerri ereduarekin bat datorrela baietsi du Osak: “Portu lehiakor bat ezin da hemen bizi garenon bizi kalitatearen kontura eraiki. Portuak eta udalerriak elkarrekin egin behar dute aurrera. Jarduera ekonomikoa behar dugu, eta, aldi berean, ahal den neurrian, trafiko astuna gure hiri eremuetatik ateratzea ere behar dugu”.
Bukatzeko, Osak EAJren “kudeaketa gaitasuna” aldarrikatu du: “Gu ez gatoz orain arazoa deskubritzera. Aspalditik ari gara hura konpontzeko lanean. Eta gaur urrats garrantzitsua eman dugu: portuaren eta GI-20aren arteko lotura berriro dago gauzatze agendan, enkargu zehatz batekin eta epe jakinekin. Horrela ulertzen du EAJk politika: zarata gutxiago eta emaitza gehiago Pasaiarentzat”.
