Mineralen bila ibiliko dira harat-honat
Aiako Harriko natura parkean barrena Arditurri meatzaritza gunean ustiatu ziren mineralen eta meategien arrastoak behatuko dituzte hilaren amaieran.
Iraila iristearekin batera, Arditurri parketxeak urtean zehar egiten dituen jarduerak berrartu ditu, eta jakinarazi du hilaren 27an (igandea da) Mineralen bila deituriko ibilaldi gidatua egingo dutela.
Arditurri ingurua bi mila urtean zehar meatzaritza gunea izan da, baina hala ere, gaur gaurkoz, topa daitezke meatzarientzat preziatuak izan ziren mineralak.
Hori horrela izanik, Arditurrik planteatzen duen jardueraren helburua meatzaritzak utzitako aztarnak ikustea izango da, baina baita ustiatutako mineralak topatzea ere. Hots, partaideek aurkitzen dituzten mineralak bertan utzi beharko dira. Aiako Harriko natura parkean zehar izango da mendi ibilaldi gidatua, eta 10:00etan abiatuko dira. Bi orduko iraupena du saioak, eta euskaraz izango da.
Antolatzaileek nabarmendu dute ibilaldia edonork egiteko modukoa dela, eta izena aldez aurretik eman behar dela 943 49 42 48 zein 688 89 50 68 zenbakietara deituta zein mezu elektroniko bat idatzita. Hamabi urtetik beherakoen prezioa lau eurokoa da; gainerakoena, sei euro.
