Euskarak ez du etenik izango
Lezoko hezkuntza komunitateko hainbat komunikazio esparrutan erabiltzeko aldibereko itzulpen tresna aurkeztu dute.
Udaleko, nahiz hezkuntza eta aisia eragileetako ordezkariak, gaurko agerraldian. Ohikoak izaten dira haurrak dituzten familietan hezkuntza komunitate eremuko nahiz aisia esparruko batzar, aurkezpen, hitzaldi eta bestelakoak. Topagune horietan euskarak komunikazio hizkuntza izaten jarrai dezan aldibereko itzulpen tresna aurkeztu dute gaur Lezoko Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA, bertako kide da Lezo), Lezo Herri Eskolak, Pasaia-Lezo Lizeoak eta Ttakun elkarteak (udalekuen, ludotekaren, eta Kuadrillategiren nahiz Faktoriaren kudeaketa darama Ttakunek). Hala, bilkura horietan euskara izango da hizlarien azalpenak emateko hizkuntza, eta euskaraz ez dakiten herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. Telegram erabiliz eta modu errazean jasoko dituzte haiek aukeratutako hizkuntzan horiek azalpenak, informazioa eta behar diren guztiak. UEMAk landu du bat-bateko itzulpengintza sistema. Mezularitza kanaletarako edo komunikazio idatzietarako ere da baliagarri euskarria.
Gaur aurkeztu dute baliabidea hezkuntza komunitateko kideek. Iker Salaberria Euskara zinegotziak eman dio testuingurua elkarlanean landutako egitasmoari. Azaldu du Lezo geroz eta herri anitzagoa dela hizkuntzei eta kulturei dagokienez, eta hori Lezorentzat aberastasun iturri dela. “Baina erronka ere bada, bi alderditatik begiratua: batetik, herritar guztiek euskara ikasteko, euskaraz hitz egiteko eta funtsean euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar dugu; eta bestetik kanpotik etorriek herri bizitzaren zati izatea ezinbesteko da, haiei ere informazioa behar bezala iritsarazi behar zaie. Euskara ardatz izango duen kulturartekotasun eredu bat eraiki nahi dugu”.
Bide horretan euskara lezoar guztien kohesiorako hizkuntza izan behar dela baietsi du Salaberriak, eta hori berma dadin herritar guztien euskara ikasteko aukera eta eskubidea bermatzeaz gainera, hizkuntzak herritar guztien arteko zubi-lan funtzioa bete behar duela. “Gaur aurkeztu dugun tresna zubigintzarako baliabidea da, elkar ulertzeko, eta elkarren berri izateko. Hau ez da egitasmo isolatua, gainera; lanketa zabalago baten barruan kokatzen da, eta hala jasota dugu Agintaldi Planean. Bertako hizkuntza komunitatea sendotzeko, eta aldi berean etorri berrientzako harrera prozesuak garatzeko ekintza bezala ikusten dugu gaur aurkeztutakoa”.
Zentzu horretan, hezkuntza komunitateen “funtzio estrategikoa” nabarmendu du Salaberriak, “herriko hezkuntza komunitateak badu kontzientzia horren guztiaren gainean, komunitate aktiboa da. Haiek jada hasi dira garatzen gaur aurkeztu dugun tresna hau”. Alta, tresnarekin hezkuntza komunitateekin harremana duten jardueretatik harago iristeko nahia azaldu du Euskara zinegotziak.
Hizkuntzari eusteko nahia
Xehetasun gehiago eman ditu Irati Odriozola UEMAko kideak. Hasteko eta behin, egitasmoa garatzen izan diren Lezoko eragileak eskertu ditu. Jarraian azaldu du aldaketa demografiko betean direla herriak, eta herriz herrikako tokiko errealitateei euskaratik erantzuna emateko hizkuntza kudeatzeko zenbait proposamen abiatzen ari direla UEMAren barruko 40 bat herritan. Baina ekinbide horiek badute hastapen komun bat: ikastetxeetatik hasi dira herriz herrikako lanketa horiekin. “Garbi dugu gure udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzen segi nahi eta behar dugula, baina gero eta gehiago dira gurean euskaraz ez dakiten pertsonak, eta etxean munduko beste hizkuntzetan hitz egiten duten herritarrak”.
Hala, euskaraz ez dakiten familia horiekiko hartu-emana goxoa eta hurbila izan dadin, eta euskararekin atzera urratsik ez egitea ardatz hartuta, ikastetxeetatik estrategiak garatzeko hautua egin du UEMAk, “nahi dugu ikastetxeek, eta Lezok herri gisa, euskaraz funtzionatzen segitzea”. Hala, familia horien komunikazio beharrak ase behar direla nabarmendu du Odriozolak, baina soluzioa ez dela gaztelaniara jotzea irmo adierazi du: “Gaztelaniara ez pasatzea ez da errespetu falta, gure hizkuntzari eusteko nahia da. Hori azaldu behar diegu pertsona guztiei, eta euskara ulertzeko eta etorkizun batean erabil dezaten bitartekoak eta laguntza eskaini nahi dizkiegu. Euskara ez da oztopoa; elkartzen gaituen zubia da Euskaraz ez dakitenak ondoan nahi eta behar ditugu”.
Nola?
Bilerak, hitzaldiak eta bestelakoak euskaraz egiteko berehalako itzulpen zerbitzua zertan den azaldu du zehatzago Maddi Etxebestek, Ttakuneko kideak. Esperientzian oinarritu da azalpenak emateko, jada probatua dutelako hainbat batzarretan euskarria, tartean udalekuetako guraso bileretan.
Hala, lehenik eta behin euskara ulertzen ez dutenek Telegram doako aplikazioa sakelako telefonora jaitsi behar dutela azaldu du, eta hor bakoitzaren telefono zenbakia jarri behar dutela zehaztu du. Ondoren, batzarrean, bilkuran edo hitzaldian direnean, antolatzaileek QR kode bat emango diete euskara ulertzen ez dutenei, eta hori eskaneatuta itzulpengintza zerbitzuan sartuko dira (itzulpena entzuteko aurikularrak behar dira). Behin aurkezpena hasita, xuxurlari edo itzultzaile batek haren telefonora eramango ditu hizlariek esandakoak, eta ondoan diren kideek euren hizkuntzan jasoko dituzte argibideak.
“Oso esperientzia onak izan dira sistema erabili ditugun batzarrak. Oso baikor baloratu ditugu. Pozik gaude, eta uste dugu bide onetik goazela”, azaldu du Etxebestek.
