Pasai Txarangak 70. urteurrena ospatuko du urriaren 17an
Urteurren biribila ospatzeko, egun osoko jaia prestatu du txarangak Antxon. Egun osoan zehar ez da musika faltako, eta 14:30ean Ibaiondon bazkalduko dute.
Antxoko Pasai Txarangak 70 urte beteko ditu, eta urteurren biribil hori goratzeko, Antxo musikaz eta jai giroz beteko da urriaren 17an (larunbata). 70 kandelak itzaltzeko, Pasai Txarangak egun osoko egitaraua antolatu du. Antxon hainbat talde eta musikari elkartuko dira, txarangaren 70 urteak eta bere historia herriarekin ospatzeko.
Festak 11:00etan egingo du eztanda, Pasai Txarangaren emanaldiarekin. 12:00etan, aldiz, Incasables Txarangak Antxo musikaz beteko.
Goiza berotu ondoren, herri bazkaria egingo da Ibaiondo frontoian, 14:30ean. Bazkariaren prezioa 30 eurokoa izango da, eta honakoak dastatuko dituzte mahaiaren bueltan biltzen direnek: iberikoak, entsalada mistoa, hegaluzea parrilan piperrekin, txerri saiheskia parrilan, pasteltxoak, ogia, kafea eta edariak. Txartelak eskuratzeko azken eguna urriaren 3a da, eta Pasai Txarangaren sare sozialen bidez edo 603 59 79 46 telefonora deituta lor daitezke.
Sabelak bete ondoren, musikak ez du etenik izango. 17:30ean, Joselu Anayak taldeak kontzertua egingo du; 19:30ean, Mutil Gazteak Txarangak Antxo musikaz blaituko du; eta bukatzeko, 22:00etan, Aburrecalles Txarangak itxiko du Pasai Txarangaren 70. urteurren festa.
Pasai Txarangak herritar guztiak festara eta ospakizunetara gonbidatu ditu. “Hirurogeita hamar urteko historia ospatzeko, ospakizun berezia merezi du, eta txarangak bere ibilbidean, modu batera edo bestera, parte hartu duten pertsona guztiekin partekatu nahi du urteurrena”.
Txarangak Pasaiako Udalaren eta ospakizuna posible egin duten pertsona eta eragile guztien lankidetza eta babesa eskertu ditu.
Urriaren 3an, Irunen
Urriaren 17rako motorrak berotzeko, Irungo Udalak eta Peña Poteo Txarangak antolatzen duten Txarangak Zuzenean jaialdian izango da Pasai Txaranga urriaren 3an. 12:30etik aurrera, Irungo San Juan eta Urdanibia plazak musikaz beteko dituzte Irungo Peña Poteo eta Sestaoko El Despiste txarangekin batera, 14:30ak arte.
Pasai Txarangaren 70. urteurrena
Urriak 17, larunbata
- 11:00: Pasai Txaranga.
- 12:00: Incansables Txaranga.
- 14:30: Herri bazkaria Ibaiondo frontoian, 30 euroan.
- 17:30: Joselu Anayak.
- 19:30: Mutil Gazteak Txaranga.
- 22:00: Aburrecalles Txaranga.
