"Naturaren goresmen bat da 'Trumoi-hodeien pean'"
'Trumoi-hodeien pean' poema liburua argitaratu du Zurutuzak, "poema bilduma xume bezain hunkigarria, hitz lauz osatutako testu laburrekin". Bihar (larunbata) aurkeztuko dute herrian lana.
Jaizkibel mendiaren magalean atera nahi zuen elkarrizketa honetarako argazkia Lander Zurutuza Sunsundegik. Izan ere, Lezo babesten duen mendia maite du, eta egin berri duen Trumoi-hodeien pean (Maiatz argitaletxea) bere lehen poema liburuan Jaizkibel ezinbestean ageri da. Bihar (larunbata) aurkeztuko du, 12:00etan, Kultura Aretoan Lucien Etxezaharreta editorea eta Joxe Luix Agirretxe laguna mahaikide izango dituela; han bertan izango da salgai liburua. Zurutuzaren lehen liburua Lezoko toponimia herriko historiari eta hizkuntzari buruzko ikerketa liburua izan zen, 2019koa. Idazle, ikerlari eta Andreone Lezoko Udaleko Udal Liburutegiaren liburuzain da Zurutuza.
Zer esan nahi izan duzu zure lehen poema liburuan?
Ene bizipenez gain, bidaia idazleak izan ditut inspirazio iturri nagusi. Irakurketarekiko eta norberaren liburutegiarekiko lilura bat dago oinarrian. Eta bidaiaren poetika oso bat. Bidaia, zentzurik zabalenean ulertuta. Bizitza bera bidaia den heinean. Baina naturaren goresmen bat da funtsean Trumoi-hodeien pean. Bilaketa bat, naturara hurbildu nahi bat, gero gauzak okertu orduko ihesari emango badiogu ere aterpe bila. Gertuko edo urruneko ortzi peetan galtzeko gonbita, bai, baina baita bakea, babesa eta lagunartearen laudorio ere. Edo gerlaren ispilu, heriok ekarritako miserien inbentario. Edo arrazismoaren eta kutsaduraren gisako gaien iradokizun.
Liburuak hiru atal eta eranskina ditu. Lehen atalean, Trumoien-hodei pean izenekoa, bildu ditut esandako horiek oinarri dituzten poema gehienak, eta 2020tik gaur artekoak dira.
Bigarren atalean, Jaizkibelgo kostan izenekoa, Inaxio Tarragona izan duzu gogoan. Zergatik?
Testu poetiko bakar batek osatzen du haren oroimenezko atala. Bilduma honetako literatura-ale zaharrena da, 2011koa edo. Oroimenezkoa diot, bai, zeren adin bat daukagunok gogoan ditugu haren pentsamendu akrata eta irakurraldi literarioak. 1956an jaio, eta 2006an hil zen Inaxio Tarragona Artola. Ni liburuzaina izanik eta hura irakurle fin eta kriteriodun izanik, gogoan dut nola Jaizkibelgo Arranbileko itsas bazterreko bere harrizko aterpetik herrira jaisten zen bakoitzean liburutegira etortzen zen irakurketa berrien bila. Liburu haiek bueltakoan argizari tantak eta su-egur errearen usaina ekartzen zuten. Pertinentea iruditu zait hura gogoraraztea.
Hirugarren atalak Urruñako Xaia ostatuaren usaina du…
Liburu osoan zehar bada dikotomia bat. Lehen zatian ortzi irekiak, natura, leku basatiak jaso nahi izan ditut. Baina badu beste atal bat aterpea, goxotasuna, sutondoaren beroa eta lagunartearen goraipamena jasota dituena. Hori da liburuaren hirugarren atala, Bidasoaren ostatu zaharrean izenekoa.
Denok dakigu Xaia euskaldunon bilgune bat dela, hegoalde-iparralde muga desagerrarazten duena. Aitzakia bezala hartu ditut han izandako solasaldiak hainbat gai lantzeko. Besteak beste badago zati bat, bi lagun hitz egiten ari garena, eta batak besteari esaten diona «hitzen kontrabandistak» garela. Bidasoa ibaiak zatitzeko baino, elkartzeko indarra du. Hala, liburuak Bidasoa inguruan oihartzun polita izan dezake, haren historiaren zatiak kontatzen direlako. Hortaz, Xaia ostatuaren atala aitzakia polita izan da hainbat gai garatu ahal izateko. Lagunak biltzen gara han. Magia horretatik sortu da atala.
Maiatz argitaletxearekin argitaratu duzu poema liburua.
Maiatzek duen ezaugarrietako bat da oso irekia dela. Ez da mugatu bakarrik euskarazko liburuak argitaratzera, frantsesez, edo gaskoiez ere argitaratu ditu, eta hegoaldera ere zabaldu da. Poz handia ematen dit modua delako Baionako argitaletxe bat, eta adibidez Lezoko idazle bat edo gehiago batzeko, buruan ditugun muga politikoak hausteko. Lucien Etxezaharreta, editore baino gehiago, adiskide dut.
Etxezaharretaren bigarren etxe da ia Lezo.
Bai. Maiatzek haren bitartez Patri Urkizuren, Urtzi Urkizuren, Joxe Luix Agirretxeren edo nire liburuak publikatu ditu, tartean 2019ko nire Lezoko toponimia.
Bihar aurkeztuko duzue liburua. Konplize onak bilatu dituzu agerraldirako.
Lucien bera izango da aurkezpenean, hasiera-hasieratik proiektu honetan erabat inplikatua egon da. Joxe Luix Agirretxe, berriz, nire oso laguna izateaz gain, denok dakigu zer pertsona prestu eta azkarra den euskararekin eta literaturarekin. Pena ematen dit, baina, Patri Urkizu ez dela egongo; nonbaitetik begira egongo da.
Eranskinera Lezora ekarri zuten Ternuako indiarraren istorioa ekarri duzu. Zergatik?
Liburuan egiten dudan bidaiaren poetikaren barruan oso ondo txertatzen dela uste dut. Istorio txiki bat da, historian galduta dagoena. Lezoko eta Euskal Herriko historiaren zati bat laburbiltzen da istorio horretan, balea arrantzaleek Ternuarekin izan zuten harremanarena. Normalean hemendik hara joaten ginen, eta kasu hau kontrakoa da. Inportantea iruditu zitzaidan historiaren atal txiki horri argia ematea.
Zer du Lezok poesiarekin?
Lezok baino, zer du Euskal Herriak poesiarekin? Poeta asko dago. Auxtin Zamora senpertarra aipatu nahiko nuke. XX. mendearen hondarrean Hatsaren Poesia elkartea sortu, eta urtekari bat argitaratzen dute, euskal poeten lanekin, ezagunak, ospetsuak, ezezagunak, haurrak… Urtero 100 pertsona baino gehiagok parte hartzen dugu Hatsaren poesia urtekari horretan.
