Sexu eta genero aholkularitza zerbitzua eskainiko du Goxatuk
Martxan da beste urte batez gazte, guraso eta familiei begirako zerbitzua. Lau barrutietako gaztelekuetan eta online eskainiko da zerbitzua.
Pasaiako Udalak martxan jarri du beste urte batez gazte, guraso eta familiei begirako Goxatu sexu eta informazio aholkularitza zerbitzua. Zerbitzu hori ikasturte osoan eskainiko da, 2027ko ekainaren 15era arte, San Pedro-Trintxerpe, Donibane eta Antxoko gaztelekuetan, eta baita online ere.
Goxaturen helburua da Pasaiako nerabe eta gazteen sexuari buruzko informazioa eta prestakuntza hobetzea. Horrez gain, prebentzioa landu eta indarkeria matxistari ere aurre egin nahi diote Pasaian, “era kezkagarrian ugaltzen ari delako, baita gazteen artean ere”.
Bi astean behin aurrez aurreko arreta zerbitzu konfidentziala eskaintzen da lau barrutietako gaztelekuetan, txandaka egutegian zehazten den egunetan, 17:30etik 19:30era bitartean. Nahi duenak, gainera, edozein kontsulta egin dezake Instagrameko Lahia 3.0 kontuan edo posta elektroniko bidez.
Kontsultak banaka, bikoteka edo taldeka egin daitezkeela jakinarazi dute sustatzaileek, nahi den bezala. Bertaratzen direnei “gertukoa, konfidentziala, berehalakoa eta doakoa” den zerbitzua emango zaiela gaineratu dute.
Goxatu programaren barruan, gainera, Pasaiako ikastetxeetako LH6ko eta DBH3ko ikasle, irakasle eta gurasoei prestakuntza tailerrak eskainiko zaizkie, baita Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei ere.
