El Salvadorreko bizipenak, lehen pertsonan
Mundubatekin elkarlanean eta Bixi-Bixi elkartearekin laguntzarekin, giza eskubideen defentsaren inguruko topaketa egin dute Pasaian.
Pasaiako Udalak Mundubatekin elkartean eta Bixi-Bixi elkartearen laguntzarekin, afaloste topaketa egin du azken horren elkartean “giza eskubideen defentsaren inguruan hausnartzeko eta El Salvadorren bizi izandako jazarpenaren eta erbestearen testigantzak zuzenean ezagutzeko”.
Topaketa horretan Ivania Cruz eta Rudy Joya abokatu eta giza eskubideen defendatzaileak izan ziren protagonista; biek UNIDEHC (Unidad de defenda de derechos humanos y comunitarios) erakundearekin dute harremana, eta zenbait urtez aritu dira El Salvadorreko komunitateei zein giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei laguntza eta babes juridikoa eskaintzen.
Hori horrela, El Salvadorren bizitako egoeraz, giza eskubideen defentsan egindako lanaz, jasandako jazarpenaz eta 2025ean Euskal Herrira ekarri zituen erbeste prozesuaz mintzatu ziren. Horretaz gain, euren esperientziatik abiatuta, nazioarteko errepresioaz hausnartu zuten, eta azaldu herrialde batetik ihes egiteak ez diola jazarpenari amaiera ematen.
Giza eskubideen defentsaren garrantziaz gogoetatzen
“Ez dugu haiei buruz hitz egin nahi; haiek entzun nahi ditugu”, zioten topaketan. Une horretatik aurrera, afalostea elkarrizketarako eta entzuteko espazio bihurtu zen, bai eta uneko errealitate bat gertutik ezagutzeko eta giza eskubideen defentsak duen garrantziaz hausnartzeko ere.
Aintzane Taberna Pasaiako lehen alkateorde eta Giza Ekintzako zinegotziak dioenez, giza eskubideen alde lan egiten duten pertsonen ahotsa zuzenean entzutea ezinbestekoa da, askotan urruneko errealitate gisa ikusten diren egoerak pertsonen bizipen eta aurpegien bidez ezagutzea ahalbidetzen duelako.
Taberna: “Pasaian ere badugu ardura elkartasun eta babes sareak indartzeko, eta horretarako garrantzitsua da herritarrei halako esperientziak ezagutaraztea eta elkarrizketarako espazioak sortzea”.
Azkenik, Pasaiako Udalak gogorarazi du 2024an Herri Babesareko kide egin zela, giza eskubideen defentsan diharduten pertsona eta erakundeekin elkarlana sustatzeko eta haien lana babesteko zein ezagutarazteko konpromisoaren barruan.
