Sormenezko idazketan trebatzeko saioak, Oier Guillanen eskutik
'Gezi beltzak' tailerra gidatuko du Guillanek Ehuntze Sormen Espazioan. Urriaren 8an izango da lehen saioa, eta bi astean behin elkartuko dira.
Oier Guillan Gezi Beltzak ikastaroko kartel batekin, artxiboko irudi batean. Oiartzungo Ehuntze Sormen Espazioak Gezi beltzak ikastaroa emango du, beste behin. Ohi modura Oier Guillan izango da sormenezko idazketa tailerreko gidaria, eta ostiralera bitartean bada aukerarik bertan izena emateko.
Saioetan idazketa ariketak eta jolasak egingo dituzte bakarka zein taldeka, eta idazketa beste diziplina artistiko batzuekin gurutzatuko dutela ere aurreratu dute. Gainera, irakurketak partekatuko dituzte, baina bada helburu argi bat ikastaroaren atzean: “esperimentatzeko konfiantzazko giroa sortzea”.
Ikasturte osoko ikastaroa izango da, eta eskolak bi astean behin izango dira, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. Lehen topaketa urriaren 8an izango da, eta bertaratu nahi duenak izena eman beharko du mezu elektroniko bat idatzita edota 679 97 72 76 zenbakira deituta. Hilabetean 35 euroko prezioa du tailerrak.
