Plenoak onartuta, Herri Arte Eskolaren barruan da bertso eskola
EH Bilduk, Elkarrekin Errenteriak, eta PSE-EEk babestu dute bertso eskola Herri Arte Eskolan integratzeko proposamena. Urtarrilean hasiko ditu eskolak
Plnoak atzo onartu zuen proposamena. Kudeaketa eredua aldatuta, bertso eskolak Herri Arte Eskolaren barruan egingo du bidea datorren urtarriletik aurrera. Proposamenaren berri agerraldi bidez eman zuen udalak joan den ostiralean, baina atzo plenoan gaia aztertu eta baiezkoa jaso ondoren, ofiziala da jada. EH Bilduk, Elkarrekin Errenteriak eta PSE-EEk eman zioten baiezkoa proposamenari (17 boto denera); EAJko hiru zinegotziek proposamenaren kontra egin zuten; eta PPkoak, berriz abstentzioaren alde egin zuen.
Bertsolaritza Herri Arte Eskolan integratzea “aukera” gisa azaldu zuen Maite Gartzia Elkarrekin Errenteriaren bozeramaileak “irakaskuntza sendotzeko”. Horregatik babestu dutela kudeaketa aldaketa azaldu zuen, “bertsolaritza gure kultura eta euskararen oinarrizko diziplina da eta merezi du espazio egonkor bat izatea udal kultur eskaintzaren barruan. Aldaketak gainera, jarraipena bermatzea ahalbidetuko du”.
EAJk bere aldetik, ikasleak lehentasuna direla esan zuen. Elixabete Murua jeltzaleen eledunak kontra bozkatzeko arrazoiak azaldu zituen, ondoren, “ezin dugu ontzat eman gutxienez aurtengo maiatzetik datorren urteko urtarrilera arte eskolarik gabe izatea 80 ikasle, kudeaketa atzerapenarengatik”. adostasuna azaldu zuen “kontrola eta jarraipena” sendotzearekin baina kudeaketa zuzenaz gaindiko alternatibak direla sinistuta azaldu zen Murua, “trantsizio kontratu bat egin zitekeen urtarrilera bitartean”.
Kudeaketa aldaketak zerbitzuaren kostua handitzea ekarriko duela ere esan zuen Muruak, “30.000 eurotik ia 50.000 eurora pasako da; argitu beharko da nola finantzatuko den familiei gainkargarik ezarri gabe”. Prozeduraren kudeaketa hobetu eta protokoloak eguneratu beharko liratekeela gaineratu zuen jeltzaleak, “ez dugu proposamena babestuko, uste dugulako badagoela plangintza hobe bat eta ikasleentzako irtenbide azkarrago bat ere”.
Alderdi sozialistak proposamenaren alde egin zuen; ontzat eman zuen Isaac Palencia sozialisten bozeramaleak bertso eskolaren jarduera berreskuratzea eta Herri arte Eskolaren kudeaketa zuzenaren bidez egitea. Argi adierazi zuen Palenciak, akordioak ezin duela baina balio aldi bat itxi eta ezer gertatu ez balitz moduan hasteko, “ikuskapen, prebentzio eta babesa bermatzeko egin beharreko aldaketak aztertu eta ezarri egin behar dira, ekainean egin genuen batzarrean agerian jarri moduan”.
Bertso eskola berreskuratzea garrantzitsua badela, baina horrekin batera, “gertatu zena berriro gerta ez dadin bitartekoak indartzea ezinbestekoa” dela gaineratu zuen Palenciak.
Herri Arte Eskolaren presidente eta EH Bilduko zinegotzi Iñaki Queraltek ere hartu zuen hitza kudeaketa ereduaren bilakaeraren berri emateko. Bertso Eskola zerbitzu kontratu bidez kudeatu izan da orain arte, baina joan den maiatzean argitara ateratako gertakarien harira, —Errenteria-Oreretako bertso irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu zituela modu sistematizatuan botere harremanak garatu eta erasotzeko salatu zuten Oreretako eta Oiartzungo mugimendu feministek eta Bertsozale Elkarteak—udalak zerbitzuaren kontrol zein jarraipen zuzena bere gain hartzeko urratsa egin duela azaldu zuen Queraltek. Horren bidez, ikasleen nahiz adingabeen babes printzipioari erantzun nahi diola udalak gaineratu zuen.
Aldaketa berme guztiekin egiteko prozesua zorrotz eta osorik bete behar dela azaldu zuen , “nahitanahiez kokatzen agitu horrek urtarrilean berme guztiekin egingo badugu”. Azalpen hori EAJri erantzunez egin zuen; jeltzaleen ustez gehiegizko luzamendua ikasleen kaltetan izango dela adierazi baitzuen jeltzaleen bozeramaileak.
Guraso, ikasle, eragindako jendearekin, eta orain arte irakasle izandakoarekin ere hitz egine ta zuzeneko informazioa eman diela udalak esan zuen Queraltek.
Hizkuntza artistikoaren barruko diziplina
Aurrerantzean, beraz, bertsolaritza, Herri Arte Eskolaren eskaintzaren barruan landuko da, zehazki, Hezkuntza Artistikoaren atalean, Hitza eta Ahozkotasunaren arloan.
Efizientzia eta jasangarritasun irizpideak betetzen dituela baieztatu dute txosten teknikoek Queraltek nabarmendu zuenez, “egonkortasuna eta babes instituzionala ere bermatzen dira. Udaletik kudeatzeak, publikotik, ikasleen jarraipen zehatza eta kalitatezkoa egitea ahalbidetuko du gainera, kalitatezko ingurune segurua bermatuta”. aldaketarekin, bertsolaritza euskararen transmisiorako, sormenerako eta harreman sareak eraikitzeko funtsezko arnasgune gisa indartzen dela sinistuta azaldu zen Herri Arte Eskolako presidentea, “kudeaketa aldaketarekin herriko bertsolaritza ondarea zaintzeaz gain, etorkizuneko bertsolaritzari, hezkuntza artistiko integral, eta segurua eskaintzen zaio”.
Aizpea Otaegi alkateak ere hartu zuen hitza. lehentasuna azkartasunari baino, segurtasunari eman diotela jarri zuen mahai gainean udal agintariak, “segurtasuna erdigunean jartzea ontzat eman dute alde guztiek”. Gainkostuari ere egin zion aipamena alkateak, eta azaldu gutxi barru landuko duten ordenantza fiskalen markoan lantzeko aukera izango dela, “hala ere, gogorarazi nahi dut Herri Arte Eskolan familiek modu progresiboan ordaindu ahal izateko aukera dutela denok lekua izango dutela bermatzeko”.
Protokoloak eguneratzeaz ere aritu zen, argi azalduta zer egin zuen huts jakiteko interes handiena udalak berak duela: “Txostena eskatu zigun Arartekoak eta haren erantzunaren zain gara, ziur baikara argia emango digula oraingo praktiken inguruan, baita etorkizunean hartu beharko direnen gainean ere”. Kezka ez zela maiatzean hasi, aurretik zetorrela, eta dagoeneko udalak bazuela gogoeta zabalik adingabeekin lanean ari zirenetan segurtasuna bermatzearekin azaldu zuen, “gertatutakoa ezustekoa izan zen, urgentziaz erantzutea eskatzen zuen, hala egin genuen. Orain gauzak modu ordenatuan kudeatzen ari gara”.
