Sinadura bilketa hasi dute Gaintxurizketan eraiki nahi duten eremu logistikoaren aurka
Bizilagunak kexu agertu dira 500.000 metro koadroko makroproiektuak auzotarren osasunean eta segurtasunean kalteak eragingo dituelako, eta inguruko natura suntsituko duelako.
Lezoko mutur bakoitzean portu bat eta erdian bizilagunak. Lezoarrek itsasorantz ematen duen portuak sortzen duen kutsadura salatu bitartean, bigarren portu bat eraikitzeko proiektua dago orain bidean, kasu honetan, portu lehorra. 500.000 metro koadroko eremu logistikoa eraiki nahi dute Gaintxurizketan. Makroplataforma egungo Lezoko portuarekin egongo da lotuta. Bizilagunak kezkatuta daude, proiektuak “auzotarren osasuna, segurtasuna eta bizi eredua mehatxatuko” dituelako.
Naturaz inguratutako eremu batean eraiki nahi dute proiektua, eta horrek ingurunearentzat kalteak ekarriko ditu, salatu dutenez. “Klima-larrialdi betean, milioi erdi metro koadro landa zementuz estali nahi dute”. Era berean, naturaz gain, obrek bizilagunen osasuna eta segurtasuna baldintzatuko dituzte, “24 orduz zarata eta kutsadura” egongo delako eta GI-636 errepidean kamioi handien trafikoa “biderkatuko” delako, eta ondorioz, are arriskutsuago bihurtuko delako errepidea: “Errepidea lehendik ere arriskutsua da, ez dugu kolapso eta istripu gehiagorik nahi”. Horrek guztiak auzoa “isolatuko” duela adierazi dute, “azpiegitura astunen artean harrapatuta” geratuko liratekeela bizilagunak.
Hiru neurri eskatu dituzte. Batetik, eraginen azterketa errealak egitea, “erabateko gardentasunez”. Bigarrenik, GI-636 errepidean igarotzen diren kamioiak murriztea, errepideko trafikoa “baretze” aldera. Eta hirugarrenik, “bizitzari eta osasunari lehentasuna” ematea “zementuaren gainetik”. Datorren urriaren 5ean, astelehenean, amaitzen da epea proiektuaren aurkako alegazioak aurkezteko. Horregatik, sinadura bilketa jarri dute martxan. Formularioa bete eta udaletxeetan erregistratzeko deia egin dute.
