7.000 kilometro pasata, txapeldun!
Automobilismoko Espainiako Mendiko Txapelketako txapeldun izan da Aitor Gomez Martiarena lezoarra bere kategorian, 7 klasean zehazki.
Automobilismoko Espainiako Mendiko Txapelketako txapeldun izan da Aitor Gomez Martiarena lezoarra bere kategorian, 7 klasean zehazki. Txapelketa horretako azken proba Onilen (Alacant, Herrialde Katalanak) jokatu zen asteburuan, horretan irabazle izan, eta txapela Lezora ekarri du. Pozarren da lezoarra, igoeretan maila bikaina azaltzeaz gainera, ahalegin handia eskatu diolako Espainiako Txapelketan parte hartzea, bai kirol aldetik, baina baita denbora eta kostu ekonomiko aldetik ere. 7.000 kilometro egin ditu txapelketako probetarako joan-etorrietan.
Bere Citroen AXarekin Espainiako Txapelketako bere klaseko bost probetatik lau irabazi ditu Gomezek. Parte hartu duen lauetan izan da azkarrena hain zuzen ere. Izan ere, Kanaria Uharteetan jokatzekoa zenera ezin izan zuen joan, gehiegizko ahalegina zelako pilotuarentzat eta haren laguntzaile taldearentzat (sendia) haraino joan-etorria egitea.
Onilgo probari dagokionez, irabazi arren, arazo mekanikoak izan zituen Gomezek. Hala, konponketa eta aldaketa sakonak egin ondoren, bigarren igoaldi edo mangarako autoa prest izatea lortu zuten taldekideek, eta hor lortu zuen garaipenerako pasabidea.
Sasoiari errepasoa eman dio pilotuak. “Denboraldi oso berezia izan da”, esan du: “Ezagutu ditudan pilotu, asistentzietako kide eta beraien familiak sekulakoak izan dira, tramu oso politak egin ditut, eta esperientzia bikaina izan da. Afizioa oso ona, asko baloratzen dute batek egin duen lana, esfortzua, eta ahal bezala nola egin dudan txapelketa. Txapelketako maila oso handia izan da, eta gure umiltasunarekin ahal genuen bezala egin dugu. Baina politena izan da beste bat gehiago bezala tratatu digutela, eta horrek asko esan nahi du”.

Aritz anaia eta Aintzane Escudero emaztea ditu taldekide Gomezek. Esker on mezua helarazi die.
Esker mezua bidali die bere taldekideei, mekaniko den Aritz anaiari, baina bereziki Aintzane Escudero emazteari: “Nire ondoan sartu ditu egin ditugun 7.000 kilometroak furgonetan atoitik edo erremolketik tiraka. Gozatu ditugu arrakastak, baina urduritasun asko eta tentsio uneak ere izan dira. Nire ondoan egon da txapeldun bat bezala. Eskerrik asko Aintzane”.
Datorren urteko Espainiako Mendiko Txapelketan parte hartzearen gaineko zalantzak ditu, “ez dakit parte hartuko dudan. Gauza batzuk lotu behar ditut, eta ikusiko dugu. Baina orain gozatzea tokatzen da”.
Gazi-gozo bat badu, ordea, pilotu lezoarrek. Zati gazia da ezin izan zuela irailaren 20an egin zen Jaizkibelgo Igoeran parte hartu, astebete geroago zuelako Onilgo txapelketa erabakigarria, eta autoaren mekanika zaindu behar zuelako; autoak matxuraren bat izan balu Jaizkibelen zail izango luke hura konpondu eta Alacanteko probarako prest egotea. Baina alde gozoari garrantzia eman dio Gomezek, Jaizkibelgoan komisario bezala parte hartu zuelako, Enara alabarekin batera.

Gomezen Citroen AXa, Onilen lehia betean.
