Mobilizazio aro berria iragarri dute Lezoko Udaleko langileek
Gobernu taldeak soldatak izoztu dizkielako kexu dira udal langileak. Hiru elkarretaratze egingo dituzte urrian eta azaroan.
Ekainaren 19an langileek egin zuten elkarretaratzearena da ondoko irudia. Udalak duen egoera ekonomikoa medio, gobernu taldeak udal langileen 2026ko soldatak izoztea erabaki du. Horrekin ez daude ados langileak, eta kontrakotasuna adierazteko lehen mobilizazioa ekainaren 19an egin zuten, Gurutze Santuaren plazan, udaletxearen parean, elkarretaratzea egin zuten. “Ordutik hona EH Bilduko udal agintariek ez dute jokabide aldaketarik izan”, zehaztu dute beharginek. Horregatik, urri eta azaro bitartean beste hiru mobilizazio egingo dituztela iragarri dute.
Langileek azaldu dute Lezoko Udalaren 2025eko ekitaldiaren emaitza ekonomikoan bi milioi euroko soberakina izan zela, eta hori horrela, izozteak ezin direla justifikatu: “2026. urtea aurrera doa eta, nahiz oraindik ez dakigun zenbatekoa izango den, ekitaldi honetan ere soberakina izango da”. Gainera, legea urratzen ari dela uste dute udal langileek, Espainiako Gobernuak langileentzako aurreikusitako derrigorrezko soldata igoera ez delako aplikatuko.
“Hori dela eta”, jarraitu dute, “Lezoko Udaleko langileek mobilizazioak berriz hastea erabaki dugu. Hiru deituko ditugu datozen asteetarako”. Protesta ekintza horiek udaletxearen aurrean izango dira, denak 10:30ean; bihar (hilak 2, ostirala), hilaren 23an, eta azaroaren 13an.
