Etxebizitza tasatuen hirugarren zozketarako onartuen behin-behineko zerrenda, ikusgai
Arraguako bi logelako etxebizitza bat zozketatzen da. Urriaren 9ra arte dago epea alegazioak aurkezteko eta urriaren 20an argitaratuko da behin betikoen zerrenda.
Onartu berri dute, alkate dekretuz, etxebizitza tasatuen urteko hirugarren zozketaren behin-behineko zerrenda. Interesa dutenek onartutakoen zerrenda ikusi dezakete jaso duten SMS baliatuta estekan klik eginez.
Udal erregistroan izena emanda dauden etxebizitza tasatuen 284 familia eskatzaileetatik, 190 daude onartuta behin-behineko zerrendan, bertan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela eta euren lehentasunak zozketatuko diren etxebizitzekin bat egiten dutela bermatu ostean.
Behin-behinekoen zerrenda argitaratuta, orain hautatuek datorren urriaren 9ra arteko epea dute alegazioak aurkezteko. Behin betiko zerrenda urriaren 20an jakinaraziko da eta zozketa urriaren 28an izango da.
Etxebizitza tasatuen urteko hirugarren zozketan Arragua auzoko bigarren eskuko bi logelako etxebizitza bat zozketatuko da. Ez du ez garajerik ezta trastelekurik ere, eta bere behin behineko prezioa 178.143 eurokoa da, BEZik gabe.
