"Herritarrei informazio osoa" emateko eskatu dio Lezoko udal gobernu taldeak oposizioari
EAJren salaketei erantzun die EH Bilduren udal gobernu taldeak: "Datuak behar bezala interpretatzeko ezinbestekoa da datuak kontrastatzea".
Irailaren erdialdean aurrekontuak desegoki kudeatzea leporatu zion Lezoko EAJk EH Bilduren udal gobernuari. Jeltzaleek esan zuten 2025eko aurrekontuko inbertsioen atalerako aurreikusia zegoen diru zatiaren %52,56 erabili zela, besteak beste. Horri erantzuna eman dio Mikel Arruti alkatea buru duen udal gobernuak, esanaz 2025ko kopuru hori hala dela, baina EAJk ez dituela kontuan izan 2025ean hasi eta 2026an bukatu ziren inbertsioak, “izan ere, proiektu batzuk urte batean hasi baina hurrengoan bukatu edo fakturatzen dira. Aldaketa hori urte batetik besterako kreditu txertaketa bidez egiten da”.
Azalpen orokorra emanda, datuak eman ditu udal gobernuak. Berretsi du 2025eko aurrekontuetan jasotako inbertsioen atala %52,56an gauzatu zela (2.497.619 eurotik, 1.312.845 aitortu ziren), baina urte hari zegozkion 910.740 euro 2026ko ekitaldira pasatu zirela: “Hori horrela, 2025eko aurrekontuen exekuzio maila %89ra iristen da. Ekitaldi batean hasitako inbertsio edo gastuak hurrengo ekitaldira igarotzea ohiko prozedura da, besteak beste, lanak ekitaldiaren barruan amaitzen ez direnean edo fakturak hurrengo urtean jasotzen direnean. Lezoko Udalak, beste erakunde publiko askoren moduan, urte askotan egin du prozedura hori”.
Kontzeptuak eta datuak azalduta, EAJri kritika udal gobernutik. “Udal gobernuak azpimarratu nahi du aurrekontuen exekuzioari buruzko datuak behar bezala interpretatzeko ezinbestekoa dela datuak kontrastatzea eta haien testuingurua azaltzea, herritarrei informazio osoa eskaintzeko”. Hala, bai oposizioari nahiz herritarrei beharrezkoak diren datu eta azalpenak emateko prest azaldu da udal gobernua, “horrelako informazioak konplexuak izan daitezkeela jakitun gara”.
Beraz, 2025eko aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioen exekuzio maila %89koa izan dela azalduta, aurreko bi agintaldietako (2015-2019 eta 2019-2023 agintaldiak) urtez urteko exekuzio mailaren berri eman du udal gobernu taldeak; bi legealdi horietan EAJk eta PSE-EEk osatu zuten udal gobernua. Denetan, 2025eko %89ko exekuzio mailaren azpiko batez bestekoak daude:
- 2015eko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %88.
- 2016ko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %61.
- 2017ko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %77.
- 2018ko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %50.
- 2019ko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %53.
- 2020ko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %49.
- 2021eko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %47.
- 2022ko aurrekontuen barruko inbertsioen ataleko exekuzio maila: %71.
