Zortzigarren Ondare Jardunaldiek kulturaren zaintza landuko dute
Urriaren 3an hasi eta azaroaren 14an amaituko da. Arriskuan dagoen kultura ondarea ikusarazi eta hura nola babestu eta transmititu jorratuko dute.
Zortzigarren aldia izango da Ondare Jardunaldiak antolatzen dituztela Oiartzungo Udalak eta Ondarearen Mahaiak, beste hainbat eragilerekin batera. Jardunaldiek herriko ondarea eta historia ezagutarazi nahi dituzte. Urtero arlo desberdin bat lantzen dute, adibidez, iaz arkitektura izan zuten hizpide. Aurtengo edizioaren gaia kulturaren sentsibilizazioa da. Larunbatean hasiko da, urriaren 3an, eta azaroaren 14an amaituko da.
Kultura ondareak dituen arriskuen kontzientzia garatzea da asmoa aurten. Horretarako, lau saioren bitartez, arriskuan dagoen kultura ondarea ikusarazi eta hura babesteko, transmititzeko eta bizirik mantentzeko moduak erakutsiko dira.
Bihar hasiko da, urriaren 3an, larunbatean. 10:00etan Geologia eta gizakia meatzaritzari eta trengintzari buruzko bisita egingo dute Altzibarko aparkalekutik abiatuta. Bisitak sei euro balio ditu eta izena eman behar da Luberri museoaren posta elektronikoaren bidez. Era berean, 12:00etan Euskal Herriko alboka historikoen kontzertua egingo dute, Landetxen, herrian egingo duten Gipuzkoako V. Alboka Topaketaren harira. Kontzerturako sarrerak zortzi euro balio ditu eta aldez aurretik erosi behar dira.
Datorren jardunaldia azaroaren 4an izango da. Hau leku aittorra! emanaldia egingo dute, Oiartzungo kantutegiko harribitxi ezezagunen ingurukoa, udaletxeko areto nagusian, 18:00etan. Doakoa da, baina sarrerak posta elektronikoz hartu behar dira.
Azaroaren 14an amaituko dira Ondarearen Jardunaldiak. Gure ondare, gure Gipuzkoa hitzaldia egingo dute, lurraldeko eraikin erlijiosoen historiari eta kontserbazioari buruz. San Esteban elizan izango da, 11:30ean, doan, baina izena eman behar da, posta elektronikoz.
