Zazpi alboka historikoren topaleku izango da Landetxe
Gaur Gipuzkoako V. Alboka Topaketa egingo dute Oiartzunen. Euskal Herriko zenbait museotako bildumatako albokak izango dira oholtzan erabiliko dituztenak.
2025eko urriaren 12an Idiazabalen izan zen Gipuzkoako IV. Alboka Topaketa.Soinuenea Ez dira asko izango gaurko hitzorduaren berri ez dutenak. Baina, Oiartzungo txokoetan halakorik geratzen bada, ez dadila beldurtu egunean zehar kalera atera eta musika doinuak entzuten baditu. Izan ere, aldarrikapenerako eta euskal nortasuna eta identitatea kalera ateratzeko aukera emango duen hitzordu bat izango da herrian: Gipuzkoako V. Alboka Topaketa.
Soinueneak Albokazale bilgunearekin batera antolatu duen jardunaldien txanda izango da, 11:00etan hasita. Ordu horretan Doneztebe plazan elkartuko dira topaketan parte hartu nahi dutenak, eta kalebuelta egingo dute handik Landetxera, bertan izango baita 12:00etan Euskal Herriko alboka historikoen kontzertua.
Instrumentu horien doinu magikoez liluratuta aterako dira handik ikus-entzuleak, baina ez da han amaituko eguna, herri bazkaria egingo baitute 14:30ean Kontzejupean, eta azkenik, 18:30ean kalebuelta eta albokarien emanaldi nomadak izango baitira herrian.
Topaketaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa, baina ez da gauza berria, Hernanin egiten ziren albokarien topaketak baitira egitasmoaren aurrekari. Gipuzkoako Albokazale Bilguneak Hernaniko topaketak berreskuratzea proposatu zuen, baina beti leku berean egin beharrean aldatzen joan nahi zuten, eta aurten Oiartzuni egokitu zaio.
Eta ez alferrik, beste gauza batzuen artean Soinueneak aipatutako elkartea sortzen lagundu zuelako, elkarte horren lehen batzarra Oiartzunen izan zelako… Noski, ezin ahaztu Herri Musikaren Txokoak berak ere beste elkarte batzuekin harremana duela eta ekintzak antolatzen dituela.
Erakusketetatik oholtzara
Joseba Zabaleta Soinueneako teknikaria da, eta kontatu du zentroak hogeita bat urte daramatzala urtean lau herri musika kontzertu antolatzen, eta joan den urtean erabaki zutela kontzertu horietara pare bat gonbidatu eramatea herri musika lan ezberdinak aurkezteko, doinu berriak ezagutarazteko, ikerketak aurkezteko… Bide horretan, erabaki zuten lau hitzordu horietako bat Soinuenean dauden soinu tresnekin izan zedila: “Nolabaiteko protagonismoa eman nahi genion museoaren bildumari, eta albokarekin hastea erabaki dugu. Hurrengo urtean agian akordeoiaren txanda izango da”.
Oiartzungo museoan 35 alboka inguru daude, eta Zabaletak kontatu du horien artean zein erabili zitezkeen aztertzea izan zela lehenengo urratsa. “XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako hiru alboka daude, eta hiru horietatik bakarra jarri zitekeen martxan zaharberritze arin batekin”.
Beraz, bide horretatik jarraitu nahi bazuten Euskal Herriko gainontzeko museoekin jarri behar ziren harremanetan, eta horixe egin zuten. Emaitza, honakoa: San Telmo museotik, Bilboko Euskal Museotik, Baionako Euskal Museotik, Nafarroako Museo Etnologikotik eta Bizkaiko bilduma pribatu batetik lortu dituzte albokak, zazpi orotara.
Albokak ezagutzea gauza bat da, baina “alboka zaharrak” ezagutzen dituen pertsonak bilatu behar izan dituzte geroko emanaldirako: “Albokak ibilbide bat izan du azken urteetan. Soinu tresna hobetu egin da, egonkorragoa da, afinatzeko erraztasunak ditu…”, dio Zabaletak.
Bilaketa lanak, ordea, eman ditu fruituak, eta dagoeneko argitu dute zein izango diren oholtzan instrumentu historiko horiei soinua aterako dietenak: Juan Mari Beltran, Soinueneako zuzendaria eta ikerlaria; Teresa Jareño, Oiartzungo Herri Musika eskolako alboka irakaslea; Julen Begoña, albokagilea eta albokaria; eta Fede de Dios zein Amaia Fuentes albokariak. “Lehenagotik alboka jotzeko ohitura duen jendeaz gain, adin ezberdinetako pertsonak nahi genituen, eta emakumeen presentzia ere bermatu nahi genuen”.
Albokaren egoera, “askoz hobea”
Atzera begirada egin du teknikariak, eta nabarmendu gaur egun albokaren egoera “askoz hobea” dela. Horren adibidetzat jarri ditu duela zenbait hamarkadako alboka topaketak: “XX. mende hasierako topaketen argazkiak ikusiz gero, ez dira hogei albokari baino gehiago azaltzen, baina gaur egungo topaketetako irudiei erreparatuz gero, ikusi izan ditut ehun eta piko albokari elkarrekin jotzen”.
Hala, pozarren jakinarazi du Euskal Herriko probintzia guztietan jotzen dela alboka, eta asko zaintzen dela ahanzturan eror ez dadin. “Lan asko egiten da alboka doinu berriak sortzeko, soinu tresna bera hobetzeko… Zentzu askotan aldaketa asko egin dira, musikari askok erabiltzen dute alboka beraien kontzertu edota grabazioetan. Zorionez, beste musika tresna batzuekin gertatu den bezala albokak ere bere ibilbidea izan du. Gainera, alboka bada euskal identitatearen ikur bat”.
Topaketa “historikoa”
Gaurkoan gertatuko dena historikotzat jo du antolakuntzakoak, eta nabarmendu horrelakorik ez dela sekula gertatu Euskal Herrian: “Kontzertu bakar batean Euskal Herriko museo ezberdinetako zazpi alboka historiko entzun ahal izatea oso garrantzitsua da artistikoki, historikoki, eta baita etnomusikologia aldetik ere”.
Zabaletak, bada, argi utzi nahi du emanaldian garai bateko musikara gerturatzen saiatuko direla, testuingurua ematen, alegia. “Emanaldia ez da esateko ‘hau horrela zen duela 100 urte’. Saiatuko gara 100 bat urtez isilik egon diren soinu tresna horiei aukera berri bat ematen eta grabatzen. Materiala hor utziko dugu jendeak ikertu eta aztertu dezan”.
Arratsaldeari begira, beraz, Zabaletaren gonbidapena: “Goazen entzutera orain dela 100 urte entzuten zenaren antzeko zerbait, eta goazen bide berriak irekitzera. Ea horrek zirrara bat sortzen duen”.
Teknikariak, azkenik, azaldu du alboka historiko horiek soilik kontzertuan entzun ahal izango direla, eta, beraz, kalebueltan aterako diren albokak topaketan parte hartuko dutenenak izango direla. “Emanaldiko albokak museo batzuetako parte dira, eta ondorioz segurtasun neurriak eta aseguruak dituzte; ezin dira edozein lekutan erabili”.
Kontzertuak zortzi euroko prezioa du, eta sarrerak leihatilan edota sarrerak.oiartzun.eus-en eskuratu behar dira.
