Asteburu olinpikoa
Luis Mari Lasurtegirekin batera olinpiko izandako arraunlarien bisita jaso du Donibanek asteburuan. Denen artean, Olinpiar Jokoetan 36 partaidetza dituzte.
Arrunlari olinpikoak, ostiralean, San Juan-Koxtaperen egoitzaren atarian. Bisitari bereziak izan ziren joan den ostiralean Donibanen. Zehazki, Euskal Herrian asteburu pasa izan diren tosta mugikorreko arraunlarien topagune antzekoaren agertoki izan ziren San Juan-Koxtaperen instalazioak. Izan ere, Luis Mari Lasurtegiren ekimenez, 1980ko Moscuko, 1984ko Los Angelesko, 1988ko Seulgo, eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan izandako arraunlari eta lagunak elkartu, eta asteburu pasa egin zuten gurean. Denen artean 36 Olinpiar Jokotan parte hartutakoak izan ziren Donibanen eta beste hainbat txokotan.
Ohitura dute arraunlari izandako horiek urtez urte elkartzeko, elkarren berri izateko, istorio zaharrak kontatzeko, eta nola ez, gustura egoteko. Lasurtegik HITZAri esan zionez, ostiralean, Koxtape bisitatzeaz gainera, Yola elkartean afaria izan zuten. Larunbatean, berriz, Egiluze sagardotegia bisitatzeko aukera izan zuten goizean, eta eguerdian Oriora joan ziren hango arraun klubaren azpiegiturak ezagutu, eta bazkaltzeko.
Isidro Martin, Salvador Verges, Manolo Bermudez, Javier Sabria, Manolo Vera eta nola ez, Los Angelesen Lasurtegirekin batera zilarrezko domina irabazi zuen Fernando Climent izan ziren bisitan. “Duela hiru-lau urte”, zehaztu du Lasurtegik, “Bartzelonako Unibertsitateak gonbidapen bat egin zigun. Izan ere, 1980an Moskun erabili genuen ontzia (Lasurtegik laukoan lemazainarekin parte hartu zuen, Martin, Verges eta Bermudezekin batera; Sabria izan zen lemazaina) erosi zuen garai batean. Gure izenak zituen barku horrek. Hala, orduko hartarako bildu eta afaritxo bat egin genuen Bartzelonan. Hurrengo urtean Platja D’Aron egin genuen asteburu-pasa; segidakoan Banyolasen… Bada aurten niri tokatu zait elkartze hau antolatzea”. 2027an Manolo Bermudezekin Vigora joango dira, “eta 2028an Fernandori [Climent] tokatuko zaio Sevillan zerbait antolatzea”.
Pozik, alai eta giro onean izan dira arraunlari izandakoak gurean. Eliteko kirolari izan ziren, eta orain beharbada, kirolari ziren garai horietan egin ezin zituztenak gauzatzeko adinean dira. Pozik asko izan ziren Donibanen behintzat.
