"Zor diegu"
'Badiako ikastola txiki kementsu haiek' dokumentalaren aurkezpen jendetsua egin zen ostiralean Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Ekitaldi bukaerako talde argazkia.Pasaiako Udala Bete egin zen ostiral arratsaldean Donibaneko Juanba Berasategi aretoa. Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala aurkeztu zuten Pasaiako eta Lezoko udalek, Pasaia-Lezo Lizeoaren sorreraren 50. urteurrenaren harira. Pasaiako lau barrutietako eta Lezoko ikastolen sorrerarekin, bilakaerarekin eta egungo errealitatearekin harremana dutenek bete zituzten aretoko besaulkiak, hezkuntza komunitate oso baten ordezkariek, gehienak haien artean ezagun eta mila jarduketa boluntariotan ibiliak, kementsu. “Zor diegu” ideia behin baino gehiagotan azaldu zen han, hitzez eta kantuz. Dokumentalak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Pasaian eta Lezon euskarazko hezkuntzaren alde egindako ibilbidea jasotzen baitu, ahots askorekin, irudi askorekin, sentimendu askorekin. Askoren artean egindako ahalegin kementsuaren emaitza baita ostiralean Juanba Berasategi jendez lepo ikustea, eta Pasaia-Lezo Lizeoaren egitasmoa sendo mantentzea.
Ostiraleko ekitaldiaren ardatza ikus-entzunezkoa izan bazen ere, izan ziren emoziorako tarteak. Hasteko eta behin Pasaiako alkate Teo Alberrok eta Lezoko Mikel Arrutik sarrera eman zioten ekitaldiari aitortza hitz goxoekin. Ondoren iritsi zen bi urte pasatxoko lanketa eskatu duen 70 bat minutuko ikus-entzunezkoaren jabe izateko tartea, 30 ahots baino gehiago jasota dituen memoria eta aitortza dokumentalarena alegia. Horren ondoren, jada aretoko argiak piztuta, Pasaiako eta Lezoko Kultura zinegotziek —Laura Rék eta Iker Salaberriak— dokumentalean parte hartu duten protagonistei oroigarria eman zieten, eguzki lore bat eta serigrafiatutako pendrive bana dokumentalarekin. Talde argazki oso esanguratsua atera ahal izan zen orduan. Izan ere, dokumentalean Pasaia eta Lezoko udalerrietan sortutako ikastola txikien historia, bertako andereñoen eta gurasoen lana, ikasleen bizipenak eta ikastolen arteko elkarlana jasota daude hitzez eta irudiz, Pasaia-Lezo Lizeoaren sorrerara iritsi arte. Ostiralean Donibanen lanari izaera eta mamia eman diotenetatik asko izan ziren.
Zor diegu abestia eskaini zieten Pasaia-Lezo Lizeoko haurren abesbatzak eta Jurgi Ekizak oholtzan ziren denei, Pasaiako Udalak Lizeoaren 50. urteurrenaren harira oparitutako kantua da. Esanahi berezia hartu zuen une hartan abestiak, ikastolen lehen urteetan egindako lanaren eta gaur egungo belaunaldien arteko zubi gisa irudikatu dutelako.
Ostiralean izan zen Ahotsak proiektuaren bidez —Badihardugu Euskara Elkartearen barruko egitasmoa da— ikus-entzunezkoaren lehen pasea. Urriaren erdialdetik aurrera Pasaiako eta Lezoko udalen Youtube kanaletan ikusgai izango da. Gainera, aztertzen ari dira Badiako ikastola txiki kementsu haiek Pasaiako gainontzeko barrutietara zein Lezora eramatea, horietan ere proiekzio publikoak egitea, alegia
Alkateen hitz tartea
Alberro Pasaiako alkateak bi udalek dokumentala egin izanari testuingurua eman zion. Haren hitzetan, hura sortzearen helburua “gure herrien memoriaren ataltxo bat partekatzea” izan da, “eta batez ere garai hartako protagonistei eskerrak ematea”. Alberrok nabarmendu zuen ikastola ez zela eraikin konkretu soila izan: “Batzuetan etxe bateko gela bat zen. Sukalde bat. Beste batzuetan, soto bat. Eliza baten azpiko espazio bat”. Horrelako baldintzetan, gurasoek, andereñoek eta herritar ugarik euskarazko hezkuntzaren aldeko proiektua aurrera ateratzeko egin zuten lana jasotzen du ikus-entzunezkoak. “Ez ziren baldintza egokien zain egon. Baldintzak sortu egin zituzten”, nabarmendu zuen udal agintariak.
Arruti Lezoko alkateak bere aldetik, “esperantza eta txikitasuna” izan zituen bere mintzaldian ardatz: “Bizi dugun garaiak esperantzarako ate gutxi dituela pentsa genezake. Zailtasunak, oztopoak eta euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldiak bizi ditugu, baina guztiaren gainetik baditugu esperantzarako arrazoiak: elkartasuna, auzolana, gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko lana… gure herriaren berezko ezaugarriak dira, eta komeni da hori ere gogoraraztea, horretaz jabetzea”. Hala, aurretik bidea zabaldu zutenen lana gogoratzea eta aitortzea ezinbesteko eman zituen Arrutik, eta esan zuen “gaur gun duguna” ikastola txikietan lehen urratsak eman zituzten pertsona guztien lanari esker lortu dela: “Andereño, guraso eta laguntzaile bakoitzaren ekarpenari esker ditugu egun ezagutzen ditugun ikastolak. Txikitasunetik gauza handiak lor daitezkeenaren adibide garbia dira. Iraganetik asko ikas baitezakegu oraindik ere”
