Udal gobernuaren "kudeaketa falta" salatu du PSE-EEk
Alderdi sozialistak esan du udal gobernuak ez duela kudeaketarik egin garraio publikoaren zerbitzuari egindako alegazioei dagokienez, "eta beste erakunde batzuk beren akatsen erantzule egiten saiatzea" leporatu dio.
Pasaiako PSE-EEk salatu du Teo Alberro alkateak ez duela kudeaketarik egin garraio publikoaren zerbitzuari egindako alegazioei dagokienez, “eta beste erakunde batzuk beren akatsen erantzule egiten saiatzea” leporatu dio.
Alderdi sozialistak adierazi du legeak alegazioak aurkezteko legezko aldi bat bermatzen duela, eta aldundiak 2023ko azaroan proiektua aldatuta aurkeztu zuela alegazioak aurkezteko epea. “Hala ere, alkateak ez zuen proposamenik aurkeztu Pasaiako Udalaren izenean dagokion epearen barruan”.
Alegazioak 2024ko azaroan bidali ziren, “lege esparrutik kanpo zeudela jakinda ere”, eta, ondorioz, aldundiak atzera bota behar izan zituela zehaztu du alderdi sozialistak. Bide horretan, honakoa galdetu dio PSE-EEk alkateari: “Mugikortasuneko diputatuak legea haustea, berak, Pasaiako alkate gisa, bere lana garaiz egin ez zuelako?”.
Horrez gain, alderdi sozialistak esan du Mugikortasuneko diputatuak Alberro eta eskualdeko alkateak bilera batera deitu zituela 2024ko urtarrilean gai hori aztertzeko. “Bilera horretan ez zuen ez eragozpenik ez proposamenik azaldu”.
Parte hartzea eta konpromisoa
“Kontraesankorra da alkatea kexatzea udalek ez dutelako parte hartzen Pasaiak berak egiten ez duenean”, adierazi du PSE-EEk. Alderdiak zehaztu du parte hartzea eskatzeko lehenik eta behin eskaini egin behar dela, eta udaleko talde politikoak ez zirela deitu alegazioak elkarrekin lantzeko. “Atzeratutako egitasmoek EH Bilduri interesatzen zaionari erantzuten diote soilik, eta ez pasaitarren benetako beharrei”.
“Udal gobernuaren gelditasunaren aurrean”, honakoa esan du Lore Suarez bozeramaileak: “Ziur gaude, Lurraldebuseko linea guztiekin egiten den bezala, Azahara Dominguezek gidatzen duen mugikortasuneko foru departamentuak eskaintzen duen zerbitzuaren etengabeko kontrola daramala eta egunerokoan hobetzeko helburuarekin egiten duela”.
PSE-EEren arabera, udal gobernuak zabaldutako gai asko “faltsuak eta asmo txarrekoak” izan dira. “Kasu hau udal gobernuaren kudeatzeko ezintasunaren beste adibide bat baino ez da. Egoera hori herriko beste arazo larri batzuei gehitzen zaie, hala nola aparkalekuen ordenantzak sortzen dituen etengabeko nahasmenduei edo Pasaiako espazio publikoen mantentze falta kezkagarriari. Udal gobernu honi alkatetza oso handi geratzen zaio, eta alkate honek udalerriko arazoak konpontzeko gai ez dela erakusteaz gain, etengabe sortzen eta okertzen dituela”.
