Garaipena etxeko lehen partidan
Donibane Eskubaloiako gizonen talde nagusiak garaipena lortu zuen larunbatean denboraldiko etxeko lehen partidan, Muskizen aurka (30-21).
Donibane Eskubaloia taldeko gizonen talde nagusiak garaipen garrantzitsu bat lortu zuen larunbatean denboraldiko etxeko lehen partidan. Arrosek Muskiz jaso zuten Larrabiden, eta bi puntuak Donibanen geratu ziren (30-21). Klubak adierazi du Muskiz maila handiko taldea dela. Donibanek egin bezala, iaz Lehen Maila Nazionalera igotzeko play-offa jokatu zuen talde bizkaitarrak, baina finalerdietan geratu ziren igotzeko aukerarik gabe. Donibanek, aldiz, igoerako play-offa jokatu zuen Katalunian.
Partida hasiera gogorra izan zen. Muskizen defentsa sendoak arazoak sortu zizkion Donibaneko erasoari lehen minutuetan, eta taldeak pazientziaz lan egin behar izan zuen irtenbideak aurkitzeko. Pixkanaka, sanjuandarrek erasoko jokoa doitu zuten eta egoera hobeak aurkitzen hasi ziren. Horri talde osoaren defentsako lan ona eta Andoni Benjumea atezainak atepean egindako lan bikaina gehitu zitzaizkion. Partida, pixkanaka, arrosen alde jartzen hasi zen.
Donibanek intentsitateari eutsi zion, eta lortutako abantaila ondo kudeatu zuen, 30-21 gailenduz. Etxeko estreinaldia garaipenarekin itxi zuten arrosek, eta bi puntu garrantzitsu lortu zituzten aurkari indartsu baten kontra.
Senior emakumeak
Gizonen lehen taldeaz gain, emakumeen talde nagusiak ere Larrabiden jokatu zuen larunbatean. Donibanek partida gogorra eta oso lehiatua jokatu zuen Elgoibarren aurka. Sanjuandarrek azken momentura arte borrokatu zuten, baina garaipenak ihes egin zuen zuen Donibanetik (26-29).
Emaitzatik harago, taldearen sentsazioak positiboak izan ziren, eta erakutsitako jokoa eta taldearen bilakaera baikor baloratu ditu klubak. “Bide luzea dago aurretik, baina taldea norabide onean urratsak ematen ari da”, adierazi du klubak.
Gizonen bigarren taldea
Larunbat goizean Bigarren Lurralde Mailan lehiatzen ari den gizonen bigarren taldeak jokatu zuen Larrabiden. Sanjuandarrak Lehen Lurralde Mailatik jaitsi berri den Pulporen kontra jokatu zuten. Fisikoki eutsi ahal izan zuten bitartean, Donibane partidan sartuta egon zen, aurkari sendo baten kontra lehiatzeko gai izanik. Minutuek aurrera egin ahala, baina, errotazio faltak eragina izan zuen arrosengan, eta beherakada fisikoa erabakigarria izan zen.
Klubak adierazi du lanean jarraitzea dagokiela. Donibaneren arabera, bigarren taldearen helburua da “hazten jarraitzea, esperientzia pilatzea eta entrenamendu bakoitzean egindako lana pixkanaka lehiaketara eramatea”.
Harrobia
Klubeko harrobiko taldeek ere beren prestakuntza eta lehiaketekin jarraitzen dute. Asteburuko emaitzetatik harago, klubak baietsi du garrantzitsuena dela “jokalari guztien bilakaera eta ikaskuntza ikusten jarraitzea, eskubaloiaz gozatzeko eta hazten jarraitzeko aukera emanez”.
